Ertibil-eko hiru artista Japoniara joango dira
2018-04-24 13:24 KultureaBizkaiko Foru Aldundiak akordioa egin dau Tokio eta Fukuoka urietako zentro banagaz.
Bizkaiko artistei bultzadea emoteko antolatzen dan Ertibil lehiaketeak nobedade handi bat dakar, Lorea Bilbao Kultura diputaduak jakitera emon dauenez: Ertibil-Bizkaia 2018 proiektuaren barruan emongo diran sari berezien irabazleek egonaldia egingo dabe Japoniako Tokio eta Fukuoka urietan. Hiru hileko esperientzia izango da, artista plastikoentzako egoitzetan.
Japoniako eragileakaz sinatutako hitzarmenaren helburua Bizkaiko artisten lana nazinoartekotzen laguntzea da, Bilbaok azaldu dauenez. Lurralde honetako talentua sendotzeko eta zabaltzeko bidea dala ganeratu dau.
Ertibil lehiaketara aurkeztutako hiru artistak izango dabe Japoniara joateko aukerea. Bagilean, garagarrilean eta abuztuan izango da egonaldia eta Foru Aldundiak 30.000 euroko inbersinoa egingo dau. Hautatuko diran obra berezien egileek nazinoarteko izaerako egoitza artistiko bat egiteko aukerea izango dabe, azpimarratu dau Kultura diputaduak. Izan be, Japoniako artearen mundua bertatik bertara ezagutzeko erea izango dabe artistek, beste kultura baten lekuko diran bitartean.
Bestetik, arte plastikoen erakusketa ibiltaria dan Ertibil programearen XXXVI. edizinoaren inaugurazinoa maiatzean izango da. Erakusketea Bilboko Rekalde Aretoan hasiko da eta ostean Bizkaiko herri batzuetatik zehar mobiduko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!