Museografiaren inguruko udako ikastaroa antolatu dau Arte Eder Museoak
2018-04-24 08:06 KultureaMundu zabaleko adituek parte hartuko dabe, bagilaren 27tik 29ra.
Bilboko Arte Eder Museoak, Gondra Barandiaran Fundazinoak eta Deustuko Unibersidadeak lehenengo aldiz antolatu dabe era honetako udako ikastaro bat, hau da, museografia berenberegi aztertzen dauen bat. Museografiak. Artea ikusteko erak izeneko kursoak, hiru egunez, programa akademiko bete-betea ekarriko dau Bilbora, Miguel Zugazaren gidaritzapean.
Antolatzaileen eretxiz, helburu nagusia da museografia garaikideko jokera barriakaz loturiko hainbat alderdi sakonean aztertzea eta museografia bera zer dan erakustea. Museografiaren inguruko gogoeta zientifikoa eta formakuntzea buztartuko ditue.
Gai horretan sakontzeko, hainbat aditu alkartuko dira Arte Eder Museoan. Antolatzaileek, danen artetik, Taco Dibbits Amsterdameko Rijksmuseum-en zuzendaria eta Norman Foster arkitektoa nabarmendu ditue. Bilbon izango dira, ganera, Juan José Lahuerta Bartzelonako Arkitektura Eskolako katedraduna; Francesc Torres artistea; Fernando Gutiérrez eta Mikel Garay diseinatzaileak; Estrella de Diego katedraduna; Miren Arzalluz Parisko Musée Palais Galliera-ren zuzendaria; Ricardo Alonso Maturana GNOSSen zuzendaria; Álvaro Perdices artistea; Adam Lowe Factum Arteren zuzendaria; eta Deyan Sudjic Londresko Design Museum-en zuzendaria.
Programazinoa biribiltzeko, azken egunean, bagilaren 29an, alkarrizketa edegia antolatu dabe Miguel Zugazaren eta Gabriele Finaldiren artean. Lehena, ikastaroetako arduraduna izateaz gan, Bilboko Arte Eder Museoko zuzendaria da; bigarrena, Londresko National Galleryko zuzendaria.
Izena emoteko epea maiatzaren 7an zabalduko dabe eta matrikulea online baino ezin izango da egin, Arte Eder Museoaren webgunean dagoan atal bereziaren bidez. Bertan dago ikusgai ikastaroaren egitarau zehatza.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!