Bizkaiak bat egin dau Europako Ondarearen Urteagaz
2018-04-23 07:51 KultureaHerrialdeko altxor izkutuak ezagutzera emongo ditue 35 jardueraren bidez.
Europako Parlamentuak eta Kontseiluak erabagi eben 2018a izango zala Europako Kultura-Ondarearen Urtea eta Bizkaiko Foru Aldundiak bat egin dau deialdiagaz. Kultura diputadu Lorea Bilbaok eta Barakaldoko alkate Amaia del Campok jardueren egutegia aurkeztu dabe Ilgner eraikinean. Bizkaiko industria ondarearen elementu esanguratsua da eraikin hori, iraganean industria aberastasunaren sortzailea, eta gaur egun garapen ekonomikoaren eta enpleguaren sustatzailea.
Europako Batasunak ekimen honetarako plazaratu dauen leloa, Cultural Heritage: Where the past meets the future, moldatu egin dau Foru Aldundiak: Itzaleko ondarea: izkutuan dagoan ondareari begiradak, izan be, jarduera-programearen helburu nagusia Bizkaiko ondarearen alderdirik izkutuenak erakustea izango da. Iraganaren eta orainaren arteko loturea egingo dabe 35 jardueraren bidez.
Ahalik eta bizkaitar gehien animau gura doguz Europako ondarea ezagutu eta arakatu daien, eta bestetik, kidetasun sentimendua sendotu daien, azaldu dau Lorea Bilbaok. Kultura-ondareak gizartearentzat dauen balioa eta ekonomiari zein etorkizuneko belaunaldiei egiten deutsen ekarpenari eustearen garrantzia nabarmenduko deutsagu, ganeratu dau diputaduak.
Europako Ondarearen Urte honen helburuak beteteko, hainbat estrategia erabiliko ditu Foru Aldundiak:
- Jentearentzat normalean zarratuta dagozan edo ezagutzen errazak ez diran lekuetara bisitak antolatzea: Ziortzako Monastegiko gelak, La Naval fabrikea, Munoa Jauregiko barrualdea eta abar.
- Bizkaiko Foru Aldundiak, erakunde publikoek, alkarteek eta eragileek kultura ondarea berreskuratu eta zaharbarritzeko egiten daben lanaren balioa azpimarratzea. Hainbat eleizatako erretaulak bisitetako aukerea egongo da, eta museoetako ondarea berreskuratzearen inguruan berba egingo da, besteak beste.
- Normalean interesgarritzat joten ez doguzan elementuak bertopetea: ondare bibliografiko eta dokumentalari buruzko erakusketak, ontzi historikoak barriro eregiteari buruzko berbaldiak, musika-tresna historikoak erabiliz egindako organo kontzertuak eta abar.
- Historian izan behar leuken lekua izan ez dauen ondarea ikusiarazotea. Esangura horretan, Ondarearen Europako Jardunaldietako gaia honako hau izango da: Ondarea, emakumearen herentzia.
- 2018. urtea gure kultura ondarerako funtsezko urtea bilakatuko daben efemerideak nabarmentzea; esate baterako, Euskaldunako dikeen 150. urteurrena edo Bizkaia Zubiaren 125.a. Lehenengoaren kasuan, bisitea antolatuko da dikeetan dagoan ponpa-etxearen barrura eta gaur egun Elorrietan martxan dagoan ponpatze-estazinora. Bizkaia Zubiaren kasuan, barriz, gaur egun munduan zehar dagozan zubien ordezkarien nazinoarteko biltzarra egingo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!