'Eszena Kalera' antzerki eta arte zirkuitua aurkeztu dabe Bilbon
2018-04-19 11:05 Kulturea58 ikuskizunez osotutako programea maiatzaren 1ean abiatuko da.
Maiatzetik irailera egingo dabe aurten Eszena Kalera zirkuitua Bilboko barruti guztietan eta iragarri dabenez, aurten 24 euskal konpainiak parte hartuko dabe programan.
Egitarauak ikus-entzule guztiei zuzendutako 58 emonaldi jasoten ditu euskeraz, gaztelaniaz eta testu barik: zirku garaikidea, clown-a, magia, partaidetzan oinarritutako ekintzak eta kaleko antzerki ikuskizunak dira, besteak beste. Datorren maiatzaren 1ean abiatuko da.
Bilboko Udalak atontzen dau zirkuitua eta hainbat proposamen eszeniko auzoetara hurreratzea dau helburu. Honegaz batera, bertako kaleak animetea eta auzokideen partaidetzea eta holako ikuskizunakaz hartu-emonak bultzatzea bilatzen dau.
Eszena Kalera ekimenak Bilboko Zirkuitua programearen (areto barruko emonaldiak) lekua hartu dau, eta Udalak kultura programazino deszentralizaduaren eta arte eszenikoei emoten jaken bultzadearen alde egiten dauen apustua indartu nahi izan dau.
Parte hartuko daben konpainiek publikoari kalerako pentsautako ikuskizunak eskainiko deutsiez eta danak 60 minutu edo gitxiagokoak izango dira, ezaugarri moduan kalidadea eta umorea dabela. Ikus-entzuleen parte hartzea be sustatuko dabe, abestuz edo jantzan eginez.
Honeek izango dira programan parte hartuko dabenak: Aimar & Cía, Ameztu Produkzinoak, Eidabe, El Gran Rufus, El Mono habitado, Hortzmuga, Kantu Kolore, Malicia Cía, Nimú Cía, Nogusano Cía, Oihukari Klown, Pantzart Antzerkia, Shakti Olaizola, Sudurkeriak, Trapu Zaharra, Txaloka Antzerki Taldea, Zirika Zirkus eta Zirkozaurre, magiaren alorrean espezializaduta dagozan David Blanco, Dramagia y Toni la Sal, Tor Magoa, Jon Zabal, Txan Magoa eta Hodei Magoa artistez gan.
Auzoetako kaleko zirkuitua inauguratzeaz arduratuko dan artistea Shakti Olaizola izango da, Baldin bada ikuskizunagaz, Elorrietako plazan, maiatzaren 1ean, 18:00etan. Antzerkia, zirku garaikidea, arte plastikoak eta txotxongiloak buztartzen dituan ikuskizuna da honakoa.
Egitarauko 58 emonaldien artean poetikaz betetako lanak azpimarratu ditue arduradunek, eta horreen ezaugarri nagusiak kalidadea, originaltasuna eta barrikuntzea dirala dinoe. Holan, beste proposamen batzuen artean, Ameztu Produkzinoak taldeak PAC-MAN bideo-joko ezagunagaz olgetea proponiduko deutse ikus-entzuleei, jantzan eginez; Eidabe taldea be umeak eta nagusiak jantzan jarten ahaleginduko da; uriko kaleko antzerki konpainia esanguratsuenetako batzuen ikuskizunak programau dira, Hortzmuga edo Trapu Zaharra, besteak beste, baita zirku garaikide emonaldiak be, Zirika Zirkus eta Zirkozaurre, adibidez, mago ospetsu talde zabala ahaztu barik.
Eszena Kalera ekimenaren programazinoari esker, auzo batzuetan kaleko arte eszenikoen ikuskizunez gozau ahal izango dabe: Olabeaga, Abusu, Masustegi, Peñaskal, Bolueta, Uretamendi, Elorrieta, San Inazio, Irala, Ibarrekolanda eta Atxuri auzoetan, adibidez.
Ordutegiei, lekuei eta egunei buruzko informazino guztia hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!