Iñaki Irazuren poemak argitara
2018-04-19 12:40 KultureaLehenengo liburua plazaratu dau idazle beteranoak.
Iñaki Irazuk aspalditik idazten dau, poeta oparoa dala esa leiteke. Orain arte, baina, ez dau bere lanaren bildumarik argitaratu. Beste euskarri batzuetan, Jabier Muguruzaren abesti batzuetan adibidez, entzun leitekez Irazuk idatzitako berbak, baina liburuei jagokonez, Erein-ek ateratako Errukiaren saria eta beste kronika batzuk da estreinakoa. Hortaz, esan leiteke urte askotako lan isila argitara ekarri dauela Irazuk.
Jose Irazu (Bernardo Atxaga) anaia nagusiak fokuen argi guztia bereganatu dauen bitartean, jarrera diskretuagoa izan da Iñaki Irazurena. Horrek ez dau esan nahi gitxi idatzi dauenik. Donostian egindako aurkezpenean idazleak berak azaldu dauenez, konposizino poetikoan aspalditik dabil eta gaztetan Bilbo Uria lehiaketea be irabazi eban.
Hain zuzen be, Errukiaren saria urte honeetan guztiotan idatzitakoaren aukeraketea da. Badagoz aspaldi idatzitako olerkiak zein oraintsukoak. Egunerokoaren eta inguratzen dauenaren kronika moduko bat egitea izan da Irazuren asmoa, horregaitik liburuaren izenburu osoa Errukiaren saria eta beste kronika batzuk da. Ezezagunakaz izandako alkarrizketak, polizia-etxe bateko jazoerak, gerrea, gai sozialak eta abar jorratu ditu, egunerokotasunetik, eta gizon-emakumeak ardatz.
Autoreak berak onartu dauenez, sentimenduak adierazotea ez da izan bere helburua, kronikea egitea baino, istorio narratiboen bidez. Kronikea gustoko dau, literaturan zein kazetaritzan, eta olerki bakotxean istorio bat kontetan ahalegindu da.
Hainbat ataletan banatu dau liburua, bizileku izan dituan lekuen arabera: Asteasu, Andoain, Bilbo. Jabier Muguruzak Iñaki Irazuren 35 testu inguru musikatu ditu bere diskoetarako, eta horreetako batzuk be irakurri leitekez Errukiaren saria-n.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!