Euskal ikus-entzunezkoak munduan zabaltzeko pausua
2018-04-19 09:55 KultureaBasque Audiovisual markapean, euskal produkzinoak erakutsi ditue Canneseko Miptv azokan.
Ikus-entzunezkoa da Etxepare Euskal Institutuak euskal sorkuntzea munduratzeko sustatzen dauen disziplinetako bat eta horretarako ezinbestekoa dau nazinoarteko topagune eta foro garrantzitsuetan parte hartzea. Frantziako Cannes urian urtero atontzen dan Miptv merkadua horreetako bat da, joan dan astean egin eben eta bertan 100 herrialde baino gehiagotako 11.000 profesional batu ziran. Tartean Etxepare bera egon zan, Zineuskadi eta EIKEN (Basque Audiovisual and Digital Content Cluster) klusterragaz batera, euskal enpresak laguntzen Basque Audiovisual markapean euren lanak erakutsi eta negozio aukerak indartzeko. Bertan egindako lanak ondorio bikainak emon ditu hasieratik.
Ganera, aurten lehen aldiz Miptv azokeagaz batera Canneseries jaialdia atondu dabe, eta honek In developement izeneko atal bat dauka, garapen fasean dagozan serie proiektuen pitching saioak eskaintzeko. Ehundazak proposamenen artean, proiektu gitxi batzuk aukeratu zituen, nazinoarteko serie produktore, erosle eta banatzaile garrantzitsuenen aurrean pitchinga egiteko. Tartean, Laniakea euskal produkzino etxearen Strange Fishing Sundays proiektua aukeratu eben, Edu Carneros produktoreak aurkeztu ebana.
Beste alde batetik, Somuga eta Dibulitoon euskal produkzino-etxeak Errusiako Wizart produktoreagaz batera koproduzidutako Yoko marrazki bizidunak Txinako Jetsen Huatsi TV enpresak erosi ditu, bertan online eskaintzeko. Saioak hiru umek parkean bizitako abenturak erakusten ditu. Umeek benetan maite dituen elementuak ditu; musikea eta abenturea. Mezu positiboak zabaltzen ditu eta jolasaren balioa azpimarratzen dau adierazo dau Jetpack Distribution-eko Dominic Gardiner-ek; bera izan da akordioa zarratzeko arduraduna.
Pausoka etxeak be aprobetxau dau Miptv bere lana erakusteko: Aitaren etxea zein Go!azen telesailak eroan ditue bertara, esaterako. Bestalde, banatzaile handi bik produktora honen The best history formatua garatzeko interesa adierazo dabe, eta Sleeping with the enemy formatua, barriz, New Yorkeko Input konferentziarako aukeratu dabe. Era berean, Do You Know Me? saioaren eskubideak Argentinako produkzino-etxe batek erosi ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!