Paleolitoko artea Galdamesera heldu da

Bizkaie! 2018-04-18 08:52   Kulturea

Arenaza kobazuloaren sekretu guztiak ikusi leitekez erakusketa birtualean.

Rakel Larruskain eta Lorea Bilbao, Arenazaren erreplikea ikusten (Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundia herrialdeko kobazuloen aberastasuna modu birtualean zabaltzeko ahaleginean dabil, herririk herriko K.o. 2018, Paleolitikoa kobazulotik pixelera erakusketa ibiltariaren bidez. Bilbon, Lekeition eta Karrantzan egon eta gero, Galdamesera heldu da, San Pedro plazara hain zuzen. Han egongo da maiatzaren 20ra arte. Izan be, Galdameseko lurretan dago Arenaza, Paleolitoko aztarnak dituan kobazuloa. Galdameseko erakusketan Arenazatik bisitaldi birtuala egin ahal izango dabe bisitariek, 3D-n, horretarako atondutako teknologia modernoari esker. Koba horretan agertutako labar-artea ikusiko dabe 3D-ko betaurreko bereziak jazten dituenek.

Inaugurazino-ekitaldian izan dira Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputadua eta Rakel Larruskain Galdameseko alkatea; kontua da ze 3D-ko erreplikea probetako aukerea ez dabela galdu.

Arenazan egin diran indusketa eta azterlanen emoitzea herritarren eskura jartea da erakusketearen helburua. Teknologia barrien laguntzinoaz, sormenagaz eta XXI. mendeko euskarriakaz esperimentazinoa bultzatzen da, arte paleolitikoa sorkuntza barriagoakaz lotuta. Iraganetik gaur egunera egindako keinu bat dala dino Foru Aldundiak.

Erakusketa birtualean, Arenazakoa ez eze, Armintxe eta Santimamiñe kobazuloen erreplikak be ikusgai dagoz, ekimen honen aurreko geldialdietarako egindakoak. Santimamiñen agertutako Paleolitoko aztarnak eta marrazkiak aspalditik ezagutzen dira; Lekeitioko Armintxekoak, ostera, oraintsu topau ditue.

Bizkaiko haitzulo askotan agiri dan arte paleolitiko aberatsaren adibide txikia baino ez da erakusketea, antolatzaileen arabera. Erakunde, arkeologo eta espeleologoek garatu daben lankidetzeari esker historiaurreko artea daben kobazuloetako artelan asko lehengoratzeko eta  aztertzeko aukerea egon da. Ezagunak ziran Ventalaperra (Karrantza), Santimamiñe (Kortezubi) eta Arenaza (Galdames) kobetatik aparte oraintsuago sartu dira zerrenda horretan, adierazgarrienak aitatzearren, El Rincón (Karrantza), Askondo (Mañaria), Atxurra (Berritua), Lumentza eta Armintxe (Lekeitio) eta Morgota (Kortezubi).

Aldi berean, Galdamesko Udalak berbaldi bi programau ditu erakusketearen jarduera gehigarri legez. Apirilaren 27an, Burnia talde arkeologikoak berbaldia eskainiko dau Kultur Etxean, arratsaldeko 19:30ean, Complejo de Atxuriaga y la cueva de Arenaza gaiari buruz. Bigarren hitzaldia, maiatzaren 4an izango da eta bertan Diego Garate arkeologoak landuko dauen gaia Las ciervas rojas de la cueva de Arenaza y los artistas impresionistas del Paleolítico izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu