Abesti biko biniloa plazaratu dau Txuma Murugarrenek

Bizkaie! 2018-04-17 13:25   Musikea

Lokatzetan Play bildumearen lehenengo alea da Marmokak eta itsas izarrak.

Txuma Murugarrenen ustez, gaur egungo musikagintzearen eta konsumoaren jokerea ikusita, ez dauka zentzun handirik disko luzeak sortzen ibilteak. Sasoi Ilunak taldeko kide ohiaren esanetan, interneteko plataformetan milazak kanta daukiez zaleek eskura eta ale solteak aukeratzen ditue hortik. Ba ete dau zentzunik gaur egun 10-12 abestiz osoturiko diskoak argitaratzeak, holako lanak osorik entzuteko ohiturea galdu bada? galdetu dau Murugarrenek.

Gogoeta horren emoitzea da Marmokak eta itsas izarrak binilozko singlea, Gaztelupeko Hotsak zigiluagaz atera barria. Abesti bi eta epilogo instrumental bat baino ez dakarz eta badirudi hurrengo proiektuak be honen antzekoak izango dirala, aurrerantzean Murugarrenek bere abestiak banaka edo binaka plazaratzeko asmoa agertu dau eta.

Ohiko musikariak izan ditu alboan Murugarrenek kantu biok egiteko. Mutrikuko AME estudioan grabau dau, Miguel Ramirez (gitarrea), Rafa Aceves (tekladuak) eta Natxo Beltran (bateria) lagun. Horreez gan, kolaboratzaileak izan ditu: Angel Unzuk bouzukia jo dau Marmokak eta itsas izarrak abestian, eta Sorkun eta Nahiara Arrietak koruak egin ditue Egun mixerableak izenekoan.

Grabazinoa patxadaz egin dabela dinoe, detaile guztiak jagonda. Murugarrenen lirikeagaz bat datorren soinua lortzea izan da helburua: lehor eta iluna soul kutsua dauen Egun mixerableak kantuan, eta malenkoniatsu eta ia onirikoa singleari izenburua emoten deutsan pop harribitxian.

Musikea sortu eta zabaltzeko modu barri bati ekin deutso Murugarrenek, Gaztelupeko Hotsak diskoetxea bidelagun. Lokatzetan Play single bildumako lehenengoa da Marmokak eta itsas izarrak, baina hurrengo hileetan saila aberasten joango dira, beste musikari batzuen ekarpenagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu