Sánchez-Ostiz eta Gutiérrez Garitano alkarregaz Bidebarrietan

Bizkaie! 2018-04-17 10:16   Kulturea

Eztabaidak  Literatureagaz zikloaren barruan egongo dira idazle biak gaur.

La aventura de la literatura izenburupean egingo dabe gaur Miguel Sánchez-Ostiz eta Miguel Gutiérrez Garitano idazleen arteko barriketaldia Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Topaketea Xabier Bañuelos kazetariak gidatuko dau, eta abenturan zentrauko da, berba horren esanahi zabalean, irakurketearen eta idazteko ekintzearen bitartez.

Eztabaidak Literatureagaz ekimenak idazle berezi bigaz topaketea proponiduten dau hil honetarako. Sánchez–Ostizek ibilbide luzea daroa literaturearen eta ikerketearen munduan, eta Miguel Gutiérrez Garitano bizkaitarrak, barriz, espedizioakaz eta bidaiakaz lotutako jarduera emonkorra izan dau, espezializautako liburuetan eta ikus-entzunezko bestelako lanetan irudikatutakoa. Biek abentura kontzeptuan sakonduko dabe, liburu bilakatzen diran bizipenetan, baita irakurketeak sortzen deuskun mueta guztietako abenturetan be.

Zuzenbidean lizentziadua, Miguel Sánchez-Ostiz (Iruñea, 1950) abogadu lanetan ibili zan 1980ko hamarkadearen amaierara arte, eta ondoren idazle lanetan zentrau zan. Hogei elebarri inguru, beste horrenbeste saiakera eta bederatzi poesia liburu idatzi ditu, eta ohiko kolaboratzailea da prentsan. Kritikearen Sari Nazionala 1998an eta Euskadi Literatur Sariduna 2010ean Saiakera modalidadean, Sin tiempo que perder lanagaitik. Horrezaz gan, Pío Barojaren ganean aditua da. 2015ean, Nafarroaren oroimen historikoa berreskuratzeko proiektu handiaren bigarren eta azken alea argitaratu eban, El Botín, eta baita Perorata del insensato bere azken elebarria, Fingimientos y desarraigos poema liburuaz gan.

Miguel Gutiérrez Garitano (Galdakao, 1977), barriz, historialari, idazle, erreportari eta esploratzailea da. Hogei urte baino gehiago daroaz bidaiatzen eta espedizinoetan parte hartzen, eta hainbat liburu idatzi ditu, horreen artean: La aventura del Muni (Camino del Cid 2011 saria), Apuntes de la Guinea edo Doctor... Supongo, edo igaz argitaratutako Vilcabamba bere azken lana. La Exploradora Geografia Alkarteko presidentea izateaz gan, Manuel Iradier Afrikaren aldeko Alkarteko eta Espainiako Geografia alkarteko kidea da. Bere bizitzea, planetako leku izkutuenetako istorioak batzen eta ikertzen bideratu dau.

Saioa arrastiko 19:30ean hasiko da, sarrera libreagaz leku guztiak bete arte. Hurreratu ezin dauenak streaming bidez jarraitzeko aukerea izango dau www.kulturguneatb.eus webgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu