Quebec-egaz hartu-emon kulturalak estutzeko bidaia
2018-04-17 08:26 KultureaMontrealen izango dira egunotan Jaurlaritzako eta Etxepare Institutuko arduradunak.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Irene Larraza Etxepareko zuzendaria Quebec-eko uririk handienera, Montrealera, eta inguruko beste uri batzuetara joan dira asteon, hango ordezkariakaz daukiezan hartu-emonak indartzeko eta, bide batez, McGill Unibersidadean euskal ikasketen katedrea bultzatzeko asmoz. Besteak beste, Quebec-eko Kultura ministroagaz batzartuko dira.
Montrealera joan aurretik, Quebec uriburuan geldialdia egin dau euskal ordezkaritzeak. Han Quebeceko Udako Jaialdiaren eta Arteen eta Letreen Kontseiluko Batzordearen ordezkariakaz batuko dira. Arkeologiaren Erreserba-ra bisitea be esaguratsua izango da, euskal baleontzien aztarnak dagoz eta. Quebec uria itxi aurretik, Marie Monpetit Kultura ministroak hartuko ditu Zupiria eta Larraza.
Bihar, ostera, Quebec-etik kanpo ibiliko da euskal ordezaritzea, Kanadako uriburu Ottawa-n hain zuzen. Canada Parks agentzia publikoko ordezkariakaz batzarra egingo dabe, hau da, ondare historikoa, giza ondarea eta ondare naturala kudeatzeaz arduratzen diranakaz. Erakunde horren egitekoen artean dago Kanadako leku historikoak kudeatzea, tartean euskal baleazaleen ondareagaz loturea dabenak. Leku horreetako bat da Red Bay euskal baleazaleen estazinoa, Ternua eta Labrador probintzian kokatua eta 2013an Gizadiaren Ondare izentautakoa. Iñigo Urkullu Lehendakariak memorandum bat sinatu eban zemendian Canada Parks-egaz, Euskadiren eta Kanadaren artean partekatutako historian sakontzeko helburuz.
Montreal urian segiduko dau bisitaldiak. Bertan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Jantza Garaikideko Eskolako arduradunakaz batzartuko dira, baita Zirkuko Arteen Uriko ordezkariakaz be. Bestetik, SODEC-eko (Kultur Negozioen Garapenerako Alkartea) nazinoarteko harremanetako zuzendari Élaine Dumont-egaz batuko dira.
Azkenik, barikuan McGill Unibersidadeagaz hitzarmen-marko bat sinatzeko momentua izango da, hurrengo hileotan Euskal Ikasketen inguruko katedra bat martxan ipinteko asmoz. Hitzarmena sinatzeko ekitaldiagaz batera, hitzaldi eta mintegi batzuk antolatuko ditue; bertan, Ipar Amerikako beste unibersidade batzuetako ordezkariak izango dira, baita Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendari Juan José Ibarretxe be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!