Ikastaroak eta lehiaketak Bilboko Magia Topaketen aurrekari

Bizkaie! 2018-04-16 12:56   Kulturea

Imanol Ituiñok eskainiko dau magia hastapen tailerra, besteak beste.

Urtero legez, Otxarkoaga eta Txurdinaga Magia Topaketen lekuko izango dira maiatzean. Bilboko auzo biak disziplina horren zaleen eta prestidigitazinoaren munduan lehen pausuak emon nahi dituenen topaleku bilakatuko dira.

Bilboko Udalak atondu dauen ekimenak, hastapeneko ikastaroa, profesionalei zuzendutako mintegia eta amateur mailako Atera eizu barruan daroazun magia lehiaketearen bosgarren edizinoa batzen ditu. Ikastaroetan parte hartzeko izena emon behar da; epea apirilaren 27ra arte egongo da zabalik, eta lehiaketan parte hartzeko maiatzaren 2ra arteko epea egongo da izena emoteko.

Imanol Ituiñok Otxarkoagako Udaltegian eskainiko dauen magia hastapen ikastaroa, magiaren artea hobeto ezagutzeko interesa daben 16 urtetik gorako guztiei dago zuzenduta. Hamasei orduko iraupena izango dau, maiatzeko astelehen eta eguaztenetan, arrastiko 19:30etik 21:30era, eta bertan, Ituiñok berak ilusionismoaren oinarrizko printzipioak eskainiko ditu, partaideek kartakaz, sokakaz eta bestelako materialakaz jolasak egiten ikasi deien.

Ituiño hurreko magia espezialidadean gero eta garrantzi handiagoa lortzen dabil. Modalidade hori ikus-entzuleakandik hur egiten da, jente gitxiren aurrean, jolas interaktiboakaz. Hogeita bederatzi urte ditu mago gazteak eta dagoeneko hainbat lehiaketa irabazi ditu: 2008an, Almussafesen (Valentzia) egin zan nazinoarteko hurreko magia lehiaketea eta 2014an, Cacereseko Magia Kongresu Nazionalean Aretoko Magia Sari Nazionaleko bigarren saria irabazi eban, besteak beste. Irakaslea izateaz gan, ohikoa da lehiaketetan eta kongresuetan ikustea. Leku horreetan espezialista handienakaz ibili da.

Beste alde batetik, magia mintegia Mohamed Alik eskainiko dau, eta ilusionistei eta arte eszenikoakaz lotutako personei dago zuzenduta. Ikastaro honetan, soinu eta argiztapen alorretan teknikariakaz modu egokian komunikau ahal izateko oinarrizko gauzak ikasiko dira, baita baliabideak ikuskizunaren alde zelan manipulau eta erqbili be. Mintegiak 9 orduko iraupena izango dau, eta maiatzaren 14an, 21ean eta 28an eskainiko da, arrastiko 19:00etatik 22:00etara Harrobia Eskenan, Bilbo-Otxarkoagako Eszena Produkzinoko Barrikuntza Zentroan.

V. Magia Lehiaketeari jagokonez,  profesional izan barik, eszenatoki baten ganean magia efektu edo trukoren bat egiteko edadea, ezagutzea eta praktikea daben 16 urtetik gorako persona guztiek hartu ahal izango dabe parte. Interesatuek, 2 eta 10 minutu arteko iraupena dauen bideoa bialdu beharko dabe gitxienez magia efektu bi erakutsiz, www.kulturabarrutik.eus/magia helbidera. Lehiaketarako bideoak aurkezteko epea apirilaren 17tik maiatzaren 2ra bitartekoa izango da.

Aukeratutakoek, maiatzaren 30ean, arrastiko 19:30ean, Otxarkoagako Udaltegian, egingo dan ekitaldian hartuko dabe parte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa