Eleizbarrutiaren ondarea zabaltzen dabenei saria
2018-04-16 11:28 KultureaI. Bideoklip Lehiaketako irabazleak eta Karmelo Etxenagusia aitamena jaso dabenak omendu ditu Bilboko Gotzainak.
Bilboko Eleizbarrutiak Jazotakoa jaso jardunaldia ospatu dau, ekimen biren inguruan: Batetik, Eleiz Ondarearen barri zabaltzeko I. Bideoklip Lehiaketearen sariak banatu ditue. Bestetik, Karmelo Etxenagusia ohorezko aitamena emon deutsie hiru laguni, Bizkaiko eleizeari egindako ekarpenagaitik. Mario Izeta gotzainak egin deutse gorazarre José Ángel Ubieta, Begoña Andonegi eta aita Martzel Andrinuari.
Harriz egindako eleiza honek gizartearen harri biziak garela gogoratzen deusku, Jainkoaren aintzarako eta gizon-emakumeen onerako. Harrizko eraikinak gizalegezko gizartea eregiteko ardurea gogoratzen deusku, adierazo dau Izetak. Hiru omenduek pozez hartu dabe Karmelo Etxenagusiaren izena daroan izendapena, Eleiz Museora hurreratutako ehundazak lagunen aurrean.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Juan María Uriarte Donostiako gotzain emeritua; Bizkaiko Foru Aldundiko Andoni Iturbe; Deustuko Unibersidadeko errektore José María Guibert; eta Ana Isabel Ferri, hezkuntza arduraduna. Ars Viva koruaren doinuak entzun ahal izan dira eta Tarima enpreseak argi eta soinuzko ikuskizuna eskaini dau. Jabi Onaindia eta Cristina Maestro kazetariek aurkeztu dabe Jazotakoa jaso jardunaldia.
I. Bideoklip Lehiaketan, bestetik, Eleizbarrutiko Ikastetxeetako neska-mutilek parte hartu dabe. Bizkaiko eleiz-ondarea ikus-entzunezkoen bidez zabaltzen ibili dira ikasleak eta hainbat kategoriatan emon deutsiez sariak; esaterako, euskerarik onenaren garaikurra Markina-Xemeingo Berakruz ikastetxekoek irabazi dabe.
Azken buruan, Otxarkoagako Formakuntza Eskolako behar berezietako taldeari, ostera, akzesita emon deutsie.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!