Jarduera ugari Leku Historiko eta Monumentuen Nazinoarteko Egunean

Bizkaie! 2018-04-16 11:05   Kulturea

Apirilaren 18an ospatuko dabe Bizkaiko foru museoetan eta beste hainbat gunetan.

Ondarea jagoteko eta honi balorea emoteko asmoz, Leku Historiko eta Monumentuen Nazinoarteko Eguna ospatuko da mundo osoko hainbat herrialdetan, apirilaren 18an, eguaztenean.

Edizino honetan, ezagutzearen belaunaldien arteko transferentziari eta gazteriaren aitzindaritzeari garrantzia emotea da asmoa. Horretarako, sorkuntzea sustatzeko, proposamen guztietarako sare sozialak erabiliko dira #heritage4generations hashtag-agaz.  

Bizkaiak, aurtengo edizinoan be, apiril osoan zehar foru museoetan eta beste hainbat gunetan jarduera bereziak atonduz, bat egin dau ekimen honegaz.  Esangura horretan, apirilaren 21ean, zapatuan, Santimamiñeko kobearen aztarnategi arkeologikoaren eta Omako basoaren bisitaldi gidatuak izango dira, 10:00etatik 14:00etara.

Aldi berean, arkeologiaren arloan sakondu nahi dabenentzat Artxanda basoan, ibilbide arkeologikoa egiteko aukerea egongo da; jarduera hau be zapatuan izango da, 10:00etatik 13:00etara, Arkeologi Museoaren eskutik.  

Egun horretan bertan, Muñatones gaztetxuentzako argazkilaritza tailer bat egingo da Xabier Armendarizen eskutik, 11:00etatik 13:30era. Horrezaz gan, domekan bisitaldi gidatu bi programau ditue gaztelua ezagutu ahal izateko, 10:30ean eta 12:00etan.

La Encartada fabrika-museoak, beste alde batetik, ibilbide bat atonduko dau domekarako, museoa bera, urigune historiko-monumentala eta Balmasedako gaztelua ezagutzera emoteko. Jarduera hau 09:30etik 14:30era egingo da.

Apirilaren 28an, domekan, Barbadun ibaiko burdinolen eta erroten ibilbidea egingo da; jarduera mueta guztietako jentearentzat da eta 10:30etik  13:30era izango da El Pobaletik  (Muskiz) abiatuta, La Ollako moltso ikusgarria eta eskualdean aktibo dagoan azken errotea bisitauko ditue hurreratzen diran guztiek eta, azkenik,  Galdamesko mahastietan egiten dan aparteko txakolina probetako aukerea egongo da.

Amaitzeko, La Encartadak eta El Pobaleko burdinoleak, biek alkarregaz, ondare industriala ezagutzeko txangoa atondu dabe Iparraldera eta Biarnora astelehenerako, apirilaren 30erako, toki horreetan euskal ehunak egiteko Ona Tiss (Donapaleu) lantegia eta Salieseko (Salies-de-Béarn) gatzaga ezagutu ahal izateko. Bidaian parte hartzeko goizeko 08:30erako prest egotea komenidu da Bilbon; bueltea, barriz, iluntzeko 20:40an izango da.

Jarduera guztien ganeko informazinoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu