Anariri emongo deutsie Adarra saria
2018-04-12 09:14 MusikeaEuskal musikearen alorrean eragin bereziko ibilbidea egin daben artistak nabarmentzen ditu Donostiako Udalak.
Hogei urte baino gehiagoko ibilbide musikalean, kalidadea jagon eta berbei garrantzia emonaz, musikeari nortasuna emon deutso Anari Alberdik, Donostiako Udalak ohar baten azaldu dauenez. Hori dala eta, 2018ko Adarra saria berari emongo deutsie.
Sari hori jasoten dauen lehen emakumea da. Euskal musikeari egin deutsan ekarpenaren garrantzia begi-bistakoa egin jake haren izena proponidu dauen batzordeko hiru kideei: Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria; Amaia Ispizua musika-sustatzailea; eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika Ataleko teknikaria.
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu eben Adarra Saria, euskal musikearen arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin dauen edo egiten dabilen artista bati, urtero, omenaldia egiteko. Lehen edizinoan sari hori Mikel Laboaren sorkuntza-lanari emon eutsien. Bigarrenean, Ruper Ordorikari. 2016an, Benito Lertxundik eskuratu eban eta, igaz, Fermin Muguruzak.
Bagilaren 21ean, Musikearen Nazinoarteko Egunean, jasoko dau Anarik Adarra Saria, Victoria Eugenia Antzokian 20:00etan eskainiko dauen kontzertuaren atarian. Sarrerak gaurtik erosi ahal izango dira. Emonaldi berezia izango dala aurreratu dau Anarik, kontzertu historiko-kronologikoa: Orain arteko bidean alboan izan dituan musikariak egongo dira beragaz oholtzan.
Marijose Recalde artisteak egindako eskulturea da Adarra saria. Eneko Goia Donostiako alkateak emongo deutso Anariri, bagilaren 21eko ekitaldian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!