Disko labur baina indartsua dakar The Riff Truckers-ek
2018-04-11 09:17 MusikeaRocka eta tradizino amerikarra protagonista dira gernikarren Over the Edge diskoan.
Ohiko estiloari uko egin barik, lanean segiduten dau The Riff Truckers talde bizkaitarrak. Orain, disko laburra plazaratu dau, Over the Edge, bost abesti baino ez dakarzan lan indartsua eta nortasun handikoa. Estadu Batuetako hegoaldeko kulturearen oihartzunetan oinarrituta, rock & roll eta hard rock doinuak topauko ditu entzuleak, blues eta country eraginak ahaztu barik.
Gorka Roman, Osman, abeslariaren ahotsak gidatuta, betiko nortasunari eutsi deutso The Riff Truckers talde gernikarrak, baina bide barriei lekua egiteko tartea be topau dabe. Holan, melodietan adibidez, ahalegin berezia egin dabe. Edozelan be, Euskal Herrian gero eta gehiago entzuten dan estilo baten ordezkari finenetakoak dira bizkaitarrak, Ameriketako giro musikala ordezkatzen dauen horretakoa hain zuzen.
Autoprodukzinoa da Over the Edge eta egunotan ipini dabe interneten, musikea entzuteko hainbat plataformatan. Mungiako Muskon eta Aulestiko Altxatune estudioetan grabau dabe. Produktorea Jose Alberto Batiz izan da eta Txortx eta iñigo Etxebarrieta anaiek egin ditue nahasketak.
Over the Edge diskoko doinu barriak zuzenean entzuteko ez da askorik itxaron behar, izan be, hurrengo kontzertua apirilaren 20an emongo dau The Riff Truckers-ek, Elgoibarren. Hilaren 28an, Bilboko Kafe Antzokian joko dabe. Maiatzean, Valladoliden, Ajangizen eta Abadiñon izango dira; bagilean, Donostian, Galizian eta Gasteizko Helldorado jaialdian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!