Euskal Herria, XIX. mendeko bidaiarien ikuspegitik

Dabi Piedra 2018-04-10 12:27   Kulturea

Erakusketea ipini dabe Bilboko Azkuna Zentroan, Gutun Zuria jaialdiaren barruan.

Alazne Martin, Zuriñe Antoñana eta Azkuna Zentroko Jon Etxebarria, erakusketako liburuei begira | Ikusi handiago | Argazki originala

Bidaia XIX. mendeko Euskal Herrian barrena erakusketeak emongo deutso hasierea XI. Gutun Zuria nazinoarteko jaialdi literarioari. Aurten apirilaren 23an hasiko da, baina erakusketea dagoeneko ikusgai dago Azkuna Zentroan, maiatzaren 6ra arte. Atzerritik Euskal Herrira bisitan etorritako bidaiarien lekukotzak eta deskribapenak batzea da erakusketearen asmoa, XIX. mendean euskal lurraldeaz eta jenteaz esandakoak ezagutzeko.

Horretarako Azkuna Zentroko mediatekan 22 liburu eta grabadu bat ipini ditue, 1789tik 1936ra bitartekoak. Bertan agiri dira atzerriko bidaiarien kontakizunak frantsesez, ingelesez, gaztelaniaz eta beste hi,kuntza batzuetan. Azkuna Zentroko mediatekako eta Gutun Zuriko arduradun Alazne Martinek esan dauenez, autore bakotxak bere ikuspegitik begiratu eutsan Euskal Herriari: Victor Hugoren begiradea erromantikoa da, txikitan ezagutu eban Euskal Herriaren gomuteak baldintzatuta; Humboldt-ena, ostera, ikuspegi zientifikoagoa da. Menassade ahizten testuak be aitatu ditu Martinek.

Idazle erromantikoek behin eta barriro aitatzen zituen euskaldunen nortasun berezia, tradizinoak eta hizkuntzea. G. H. Borrow bidaiari eta idazle ospetsuak 1845ean esan eban Satanasek be ezin izan ebala euskeraz ikasi. Borrowren La Bible en Espagne, aitamen hori dakarren liburua, ikusgai dago Azkuna Zentroan.

Historiari lotutako erakusketea da Azkuna Zentrokoa, Euskal Herria zelakoa zan ezagutzeko ez eze, orduko bidaiarien ikuspegia eta pentsakerea zelakoa zan jakiteko be balio dauelako. Europan sasoi haretan zabaldu zan jokera bidaiazaleari keinua egin nahi izan deutsagu, adierazo dau Alazne Martinek.

Leku barriak ezagutzeko ez eze, natureagaz eta jenteagaz hartu-emonak eukiteko be badira bidaiak, ganeratu dau Alazne Martinek, idaztea, naturea eta bidaiak bat datoz. Gogoan izan behar da, aurtengo Gutun Zuriaren gai nagusia naturea dala.

Azkuna Zentroan ikusgai dagozan liburu gehien-gehienak (21, hain zuzen) Bizkaiko Foru Aldundiak lagatakoak dira, ganerakoak beste bilduma batzuetatik datoz. Foru Aldundiaren Ondare Zerbitzuaren buru Zuriñe Antoñanak agiri horreen balioa nabarmendu dau, baina penaz dagoala dino, ilustrazino batzuk ezin diralako ikusi. Euskal Herria aitatzen daben orrialdeetan zabalduta ipini ditue ale guztiak eta beste orri batzuetako marrazki ederrak izkutuan geratu dira.

Maiatzaren 6ra arte egongo da Bilbon Bidaia XIX. mendeko Euskal Herrian barrena. Sartzea doban da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu