Maite Mutuberriak 'Lohia' album-liburua kaleratu dau

Bizkaie! 2018-04-06 12:12   Kulturea

Ilustratzaileak sufridutako krisi personal baten sortutako irudiak batu ditu koadernoan.

Maite Mutuberria | Ikusi handiago | Argazki originala

Psikologoak depresinoa deituko leuskio; mistikoak, norbere burua bilatzea; artisteak, sormen krisia; persona praktikoak, denporea alperrik galtzea. Maite Mutuberria ilustratzaileak, barriz, Lohia deitu eutson sufriduten egoan egoereari, baita orain eskuartean dakarren album-liburuari be.

Koaderno honek, depresino sasoi baten sortutako zuri-baltzezko irudiak eta testuak batzen ditu eta bersino bitan argitaratu dau egileak: euskeraz eta erderaz (Enorme suciedad). Izan be, Mutuberriak izen bat jarri nahi eutson bere egoereari, zelan deitu hainbeste kantsetan ninduan horri? Dana zikintzen eban oinazeari? Ze berba jarri orban horri? Azkenean krisi personal horretaz askatzeko balio izan jakozan zirriborroak koaderno baten jarten bakarrik jakin ebala autortu dau artisteak eta izentetan jakin barik jarraitzen ebanez, Lohia deitu eutson.

Liburuan batzen dituan irudi eta testu horreek guztiak iluntasun baten barri emoteko asmoz argitaratu ditu Mutuberriak. Garrantzi handikoa izan arren, askotan arazo pribadutzat joten dan gai baten ganeko gogoeta grafiko ausarta, sentikorra eta beharrezkoa ondu dauela dino artisteak.

Album-liburu hau Mutuberriak argitaratu dauen lehenengoa da. Ilustratzailea 1985ean jaio zan Eltzaburun, Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziau zan eta horren ostean Ilustrazinoa ikasi eban Madrilen. Orduz geroztik, hezkuntza-proiektuak eta ume eta helduentzako liburuak marraztu eta hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Rikardo Arregi 2017, Lazarillo 2014, Peru Abarka 2014 eta Etxepare 2013. Bere azkeneko lanen artean, nabarmentzekoak dira Xomorropoemak eta Piztipoemak poesia liburuak eta Kixotenean kronika liburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu