Inoz baino bisitari gehiago Bilboko Basque Fest-en

Bizkaie! 2018-04-03 13:10   Kulturea

100.000 lagun baino gehiago batu dira aurten.

Urterik urtera sendotuz doa Basque Fest Bilboko Aste Santuan. Aurreko urteetako emoitzak gainditu ditu aurtengo edizinoak eta ehun mila lagun baino gehiago hurreratu dira urira euskal kultura eta abangoardiaren jaialdiak erakarrita. Parte hartze kopuruak % 9ko igoerea izan dau igazkoagaz konparauta.

Basque Fest-ek euskal kulturearen adiera guztiak batzen ditu eta antolatzaileek dinoenez, Aste Santuan Bilboren elementu bereizgarri eta Euskal Herriko nahiz kanpoko bisitarientzako puntu erakargarri bihurtu da. Jaialdian mueta guztietako personak batu dira, familiak, turistak, musikazaleak… Modu berean, Basque Fest-ek esparrua zabaldu dau eta hainbat gunetan (Zazpi Kaleak, Zabalgunea, Bilbo Zaharra eta San Frantzisko, Indautxu eta Artxandan adibidez) milaka persona batu dira.

Ekimenei jagokenez, Euskal Herriko gastronomia eta enologiak jentearen erantzun handia izan dau: Txoko Gourmet & Destinos Basque karpa handiak 52.294 persona batu ditu. Arenalean kokatutako gune hau, expres  probatzeen agertokia izan da.

Jente gehien erakarri dauen beste nobedadetako bat sukaldaritza tailer txikiak izan dira; bertan, ogia, taloa eta beste jateko batzuk preparetan ikasi dabe bertaratutakoek.

Musikea eta herri kirolen ganeko ekimenen harrerea be aitatzekoa da, igazko emoitzeagaz alderatuta, % 54 lagun gehiago izan dira aurten. Antolatzaileek Kepa Junkera, Eñaut Elorrieta, Kherau eta Ines Osinagaren emonaldi jentetsuak nabarmendu nahi izan ditue, besteak beste.

Itsasadarrak eta kaleek hartu daben protagonismoa be goraipatu nahi izan dabe, berbarako, Gourmet txokoko jatekoa probetako guneak eta tailerrak eta ontzian egindako paseo antzeztuak eta Itsasadarrean barrena batelean egindako arraunketak.

Kale animazinoak 19.000 lagun erakarri ditu eta jai giroa eta kulturea uriko beste txoko batzuetara zabaldu da.

Bilboko Udalaren esanetan, jaialdia beste urte batez, Bilboren jarduera ekonomikoaren trakzino-elementu izan da Astea Santuak iraun dauen bitartean. Kulturaz eta astialdiz beteriko programazinoak erabateko garrantzia izan dau, jai egun honeetan uria dinamizetako orduan, personak erakarri eta euskal kulturea bultzatzeaz gan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu