Euskerazko literatura baltza bultzatzeko (H)Ilbeltza bekea martxan
2018-03-28 09:47 KultureaParte-hatzaileek The Blunderer lanaren atal bat itzuli beharko dabe.
Baztango udaletxean aurkeztu dabe (H)ilbeltza bekearen bigarren deialdia Joseba Otondo alkateak, Maitane Maritorena (H)Ilbeltzako kideak eta Mikel Soto Txalapartako editoreak.
Euskal literatura baltza hedatzeko eta mundu mailan sortutako genero honetako literaturea euskeratzeko asmoz sortu eben beka hau Baztango Udalak eta (H)ilbeltza alkarteak Txalaparta argitaletxearen laguntzinoagaz.
Otondok adierazo dauenez, Baztan Euskal Herriko kultura-mapan kokatu nahi dabe eta hori eragile moduan egin nahi dabela dino. Horrezaz gan, bekea aurreko urtean aurkeztu ebela gogora ekarri dau eta Miel Anjel Elustondo azpeitiarrak irabazitako lehen beka harek sorkuntzea sustatu nahi ebala. Aurtengoak, barriz, itzulpena bultzatu nahi dau, bistatik galdu barik itzulpenak be badauela sorkuntzatik.
Maritorenak, bere aldetik, aurten be igaz hasitako bideari jarraituko deutsiela nabarmendu nahi izan dau. Sormenera ez eze, itzulpenari be ateak edegitea da gure nahia, aukera ederra begitantzen jakulako mundu zabalean dagozan nobela baltz interesgarriak gure hizkuntzan, euskeraz, irakurtea. Iragarri dauenez, Patricia Highshmith idazle estadubatuarraren The Blunderer liburua itzultzea izango da aurtengo bekearen asmoa.
Sotok Higshmith aukeratu izanaren arrazoia eta garrantzia azpimarratu nahi izan dau eta idazle honek literatura baltzean izan dauen eragina eta honegaz batera itzulpen bekea emakume bategaz abiatu nahia be nabarmendu ditu, horretarako Higsmith aukerarik onena zala eretxita. Idazle estadubatuarrari buruz esaten dana gogora ekarri dau: Highshmithek gizakiei buruz idazten dau aramo batek intsektuei buruz berba egingo leuken moduan.
Nerabezaroan irakurritako Hontzaren garrasia elebarriak harengan lagatako arrasto sakona be aitatu dau Txalapartako editoreak. Highsmithen personaiarik ezagunena be gogora ekarri dau: Tom Ripley. Horren harira, euskeraz argitaratu diran lanak aletu ditu: Ripleyren jokoa eta Ripley trebea nobelak euskeratuak ditue Maria Garikanok eta Asun Garikanok; Igela argitaletxeak kaleratu zituan 1995 eta 1999an. Horrezaz gan, Koro Navarrok Poliki, poliki haizetan narrazino bildumea euskeratu eban 1988an, Elkar argitaletxearen eskutik.
Hortaz, bekan parte hartu nahi daben itzultzaileek Patricia Highsmithen aitatutako elebarriaren lagin bat itzuli beharko dabe: 29. atala, eta eskuragarri dago www.ilbeltza.eus webgunean.
Lanak aurkezteko epea 2018ko bagilaren 21a da eta, aurreko urtean egin eben moduan, Baztango Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!