Jabier Kalzakortaren baladen corpusa liburu bitan

Bizkaie! 2018-03-28 09:16   Kulturea

Labayru Fundazinoaren arabera, argitalpenak mugarria ezarriko dau ahozko literaturako corpusetan.

Jabier Kalzakorta, liburuki biak eskuetan dituala (argazkia: Labayru Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jabier Kalzakortak urteak daroaz euskal baladak jaso, aztertu eta zabaltzen eta orain arteko lan horren emoitzea aurkeztu dau egunotan: Liburuki bitan banatuta, Kalzakortaren tesi-lana argitaratu dau Labayru Fundazinoak, Euskal baladak: Azterketa eta edizio kritikoa izenburupean. Liburuki biak kontuan hartuta, 1.500 orri, bederatzi atal, 75 balada-gai eta 5.000 aldaera topauko ditu irakurleak.

Argitalpenak euskal kultura tradizionalaren zabalkundean izango dauen garrantzia azpimarratu dau Labayruk: Lan honek mugarria ezarriko dau ahozko literaturako corpusetan, aurretik Resurreción Mª Azkuek eta Antonio Zavalak egin eben moduan. BBK Fundazinoak eta Markina-Xemeingo Udalak lagundu deutsie fundazinoari edizino honetan.

Baladak poema narratiboak dira, kontakizun edo argumentu bat garatzen dabe, eta gai historikoak adierazoten ditue, ahoz ahoko tradizinoan. Euskal literaturako balada-gai batzuk geureak dira, baina beste batzuk paneuroparrak dira, hau da, Europako beste herrialde askotan be ezagunak dira.

Baladak aztertzeko arazoetako bat da zatika heldu izan jakuzala sarritan, eta zatiok zein gairi jagokozan jakitea ez da erraza izaten. Zatiak diran aldetik, kantu batetik bestera aldatzen dira bizi barria hartuaz eta horrek gatx egiten dau argumentuak osotzen.

Jabier Kalzakortaren ekarpena da orain arte ezagutzen izan diran aldaeretara, galduta, gordeta eta sakabanatuta egon diran beste asko eta asko ekarteaz ganera, jagoken gaiagaz lotu eta osotasuna ulertzeko argibideak emotea. Labayrukoen esanetan, argitalpen hau urte askotako lan isil-ekinaren emoitzea da, ikertzaile zuhurrak bakarrik topau eta identifikau leikezan zuloetatik bila ibili eta gero.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu