II. Uni Sound Bilbon, apirilaren 11tik 14ra

Bizkaie! 2018-03-27 09:28   Musikea

Unibersidadeko musika-taldeak dira egitarauaren ardatza.

Las Odio taldeak apirilaren 14an joko dau Bilborocken | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko hainbat gune publiko eta aretotan unibersidade giroko musikea izango da protagonista, apirilaren 11tik 14ra bitartean egingo dan Uni Sound Bilbao-ren bigarren edizinoari esker. Emonaldi guztiak dobakoak izango dira, eta helburua bikotxa da: Batetik, unibersidadeko musika-taldeei lekua egitea eta, bestetik, Bilboko gaueko giroan alternatibak eskaintzea.

Bilboko Udalak azaldu dauenez, uria jakintzearen alorrean erreferente izateko estrategiaren barruan sartzen da Uni Sound zirkuitua. Sormenaren bidez gazteak erakarrita, Bilbok unibersidade-uri legez dauen zeregina indartu nahi dabe. Gazteei zuzendutako Ideiak Martxan programeari esker sortutako zikloa da Uni Sound eta lehenengo edizinoaren erantzun bikainaren ostean, bigarren aldiz egingo dabe.

Inguruko zein urruneko taldeak gonbidau ditue kontzertuetara; tartean dagoz euren bide laburrean polito dabizen bandak, esaterako, Los Nastys, VVV, Las Odio eta Putochinomaricón. Agertokiak be bereziak izango dira. Adibidez, apirilaren 11ko kontzertuak, lehenengo egunekoak, Zazpi Kaleetako tren geltokiaren atarian izango dira. Buenas tardes, Comandante talde bilbotarrak eta VVV madrildarrak joko dabe hor.

BilbaoArten eta Shake aretoan izango dira apirilaren 12ko emonaldiak; hurrengo egunean, 13an, EHUren Bizkaia Aretoan eta Itsas Museoko auditorioan egingo ditue kontzertuak eta azken eguneko hitzorduak hiru lekutan dira: Arte Berreginen Museoan, Bilborocken eta Rocket aretoan.

Danetara, 22 banda eta bakarlari eta hiru DJ dagoz egitarauan. Antolatzaileek azaldu dabenez, era guztietako estiloetako musikea ekarten ahalegindu dira, unibersidade giroan egiten dan musikearen aniztasuna erakusteko. Aurten alkartrukea egingo dabe Nafarroako eta Bordeleko unibersidadeetako taldeakaz. Hango taldeak dagoz programazinoan eta EHUko ikasleen bandak Bordelera eta Nafarroara joango dira gero.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu