'Cristobal Balenciaga, Moda eta ondarea' erakusketea ikusgai dago Getarian

Bizkaie! 2018-03-26 07:55   Kulturea

2019ko urtarrilaren 27ra arte zabalik egongo dan erakusketeak museoko bildumak ditu oinarrian, eta Parisko Archives Balenciagaren ezinbesteko laguntzinoa izan dau.

Europako Ondarearen Urtea izanik, goi-mailako joskintzako maisuak erretiroa hartu eta 50 urtera, erakusketeak aukera parebakoa eskaintzen dau Cristobal Balenciagaren obrearen ondare-balioaz hausnartzeko, haren aretoak zarratzea, eta Parisen, Madrilen, Bartzelonan eta Donostian zituan tailerretako jarduerearen eten haretatik abiatuta.

2018. urtea Europako Ondarearen Urtea da, eta 50 urte beteko dira goi-mailako joskintzako maisuak erretiroa hartu ebanetik, 1968an. Horixe da Cristóbal Balenciaga, Moda eta Ondarea erakusketearen abiapuntua, izan be, Balenciagaren sorkuntzalanak kale eta aretoetatik ibilteari itxi, eta artxiboak, galeriak eta museoak beteten hasi ziraneko momentua.

Gorputzak edertzeko gehiago erabilteari itxi, eta berez eder diran aldetik hasi ziran miresten. Modako aldizkarien azaletatik atera, eta arteko aldizkarietara joan ziran; holan, erabilera esklusiboko patina galdu, eta jente guztiaren eskura geratu ziran arlo sozial guztietan.

Moda eta Ondarearen arteko alkarrizketa honetan, bide biak nabarmentzen dira, 1968. urtea bien bat-egite lez hartuta. Bide batek urte horretatik gaur egunera ekarten gaitu, eta ikusgai jarten dau ondarea sendotzeko bidezidorra, museo lez izateko dogun arrazoiari estu lotuta dagaena. Beste bidea 1917an hasi —urte horretan zabaldu eban Balenciagak lehen atelierra Donostian—, eta aretoak zarratu zituan arte doa, hasieratik Balenciagak izan dauen progresino, bilakaera eta iraultza sortzailea ikusteko.

Museoak fashion curator ospetsua dan Judith Clark-egaz ekiten deutso alkarrizketeari. Erakusketako diskursoa, haren ondoko piezen aukeraketea eta, orobat, espazioaren kontzeptualizazinoa eta diseinua Cristóbal Balenciaga Museoko taldearen eta komisario britainiarraren arteko alkarlanaren emoitzea dira.

Cristóbal Balenciaga, Moda eta Ondarea erakusketeak ibilbide diakronikoa egin nahi dau, jostunaren obrearen bilakaerea erakusteko eta erreferentziazko erakusketa bilakatu nahi dau, Cristóbal Balenciagak sortutako ondarea sakon ulertzeko eta ezagutzeko: abiaburua, zer ekarpen egin eban bere garaian eta zer transmitiduten deuskun gaur.

Museoko ondarearen ikuspegia kontuan hartuta eregi da erakusketea, betibe, kronologia, ulermena eta testuingurua jagonda; edozelan be, proposamen edegia eta bizia da; hazten dago oraindino, eta, etorkizunean, ezagutza-geruza barriak gehituko jakoz.

Guztira, 80 pieza dagoz ikusgai; jantziak eta beste baliabide batzuk, besteak beste, dokumentazinoa, irudiak, objektuak, patroiak, bozetoak eta ehunak. Era berean, teknologia be egongo da, interakzinoa errazten dauelako, eta digitalizazinoei esker piezen zehetasunak ikusi daitekez, baita 360 graduko ikuspegia izan edota maila teknikoani zelan egin ziran erakusten daben infografiak be. Aplikazino bat be badago, hainbat ibilbide tematiko proponiduteko.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu