Rembrandt-en 'Neskatila Leihoan' obrea Bilboko Arte Eder Museoan
2018-03-23 13:44 KultureaAurtengo lehen Obra Gonbidatua da koadroa.
Bilboko Arte Eder Museoko 15. aretoan Rembrandt margolariaren Neskatila Lehioan obrea ikusgai egongo da bagilaren 18ra arte. Pintura hau ilusino eta errealidadearen arteko joko legez, maisutasunezko modu baten erabilteko dauen gaitasunaren eredu onenetarikoa da.
Bilboko museoaren Obra Gonbidatua programearen aurtengo lehenengo proposamen hau, Londresko Dulwich Picture Gallery-ren eskutik jasotako mailegua da: bertako artelan ospetsuenetakoa da Neskatila Leihoan lana.
Obra hau 1645. urtean marraztu eban Amsterdameko artisteak eta maisutasunez batzen ditu XVII. mendeko holandar tradizino artistikoari eta, batez be, Rembrandt-en produkzinoari ospe handiena emon eutsien genero biak: pintura kostunbristea eta erretratua.
Ganera, XVI. eta XVII. mendeetan ezaguna egin zan pintura muetea ondo irudikatzen dau. Margolan horretan modeloa ikuslearen espazioan sartzen dala emoten dau, hainbat konposizino-baliabideren bidez: leiho batera urten edota koadroaren markoa gaindituta, adibidez. Baliabide horreek sortzen dituen ilusino optikoek zalantzea sortzen dabe ikusten gabizanaren errealidadearen ganean.
1640ko hamarkadatik hasita eta hurrengoaren erdialdera arte, Rembrandt-ek eta bere tailerreko ikasleek teknika honek eskainitako aukerak esperimentau zituen konposizino askotan. Neskatila Leihoan errepresentazino mueta horren eredu onenetariko bat da, holandar margolariaren produkzinoaren barruan. Pertzepzinoaren eta errealidadearen arteko jokoa lortzen da hemen, eta posatzen dabilen zehaztubako barrualdean ikuslea sartzea lortzen dau modeloak. Ikuspegiaren efektua neskatoaren kokapen diagonalagaz indartzen da: oso argiztatuta dagoanez eta begietara zuzenean begiratzen deuskunez, argi-itzaleko espazioan sartzen gaitu, eta baita bere munduan be.
Rembrandt Harmenszoon van Rijn Leidenen jaio zan 1606an eta Amsterdamen hil 1669an. Neskatila Leihoan 39 urte zituala pintau eban. Koadro hau genero-pinturearen eta erretratuaren artean kokatzen da. Ez dago argi neskatoa nor zan, iraganean gortesaua, neskalagun judutarra edo personaia historiko edo bibliko bat moduan identifikau izan da. Onarpen handiagoa dau zerbitzari bat izatea defendiduten dauen ideak: arpegiaren kolore larrosak eta besoetako kolore baltzaranak kanpoan lan egiten ebala adierazo leike.
Leiho-ertzean jarrita, konposizinoaren kanpoko alderantz begiratzen dau, lepokoagaz jolasten dauen bitartean: urrezko kate bat edo kordoi bat, eskumuturrean eta jazten dauen alkondara askeko josturetan be ikusi leikena. Orrazkera txiki bat be badauka, segurutik Holandako iparraldean erabilten ebanaren antzekoa, eta ulea lepoan kordoi gorri bategaz batuta dauka.
Trompe l’oeil da pintura mueta hau eta XVII. mendean egin zan ezagun. Horregaitik, Rembrandt-ek konposizino hau bere ibilbide osoan erabilten eta egokitzen jarraitu eban.
Pintzelkada seguruak eta pinturearen enpaste lodiak 1640ko hamarkadako Rembrandt-en berezko estiloarenak dira. Obrea iraunarazoteko prozesuan, kolorerik bako berniza ezabatu da, eta horrek modeloaren arpegiko kolore nahasketa bizia atera dau. Askotan artisteak pinturea espatuleagaz eta bere atzamarrakaz margotu eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!