Berri Txarrak Gasteizko Azkena Rock Festival-en izango da

Bizkaie! 2018-03-23 08:56   Musikea

Barakaldoko BEC bete ostean, hirukotearen doinuak Euskal Herrian entzuteko beste aukera bat izango da.

Azkenaldion jentearen erantzun bikainaren bitsetan dabil Berri Txarrak taldea, zapatuan BECen jotako kontzertuko datuek erakusten dabenez: 10.000 ikusle baino gehiagorentzako lekua eta sarrera guztiak agortuta. Udagoienean, Infrasoinuak diskoa aurkeztu ebanetik, hirukoteak Euskal Herrian emondako kontzertu bakarra izan da hori orain arte. Baina beste aukera bat izango dabe euskal zaleek bagilean.

Izan be, Azkena Rock Festival-eko arduradunek jakitera emon dabenez, Berri Txarrak Gasteizko Mendizabala landako oholtzan egongo da, bagilaren 22an edo 23an. Orain dala hamabi urteko edizinoan be jo eben bertan, hortaz, Azkena Rock-eko publikoagaz barriro alkartzeko aukerea izango dabe Gorka Urbizuk eta kideek.

Euskal Herrian zein atzerrian, euskerazko bandarik entzutetsuenetako bat bihurtu da Berri Txarrak, eta urte hasieran Asian, Australian eta Zelanda Barrian egindako bireak ospe hori handitu baino ez dau egin. Euskal Herrian beste inor baino zale gehiago erakarteko gai dirala erakutsi eban Barakaldoko kontzertuak. Bagilean Gasteizera osterea egin aurretik, Madrilen joko dabe apirilean eta Britainiar Uharteetan maiatzean.

Berri Txarrak ez da izango Azkena Rock Festivaleko izar handi bakarra. Antolatzaileek oraintsu iragarri dabe Van Morrison Gasteizen izango dala, hau da, rock musikearen aitzindarietako bat. Bakarkako ibilbidean, 30 disko baino gehigo plazaratu ditu Van Morrisonek eta musika garaikideko artistarik esanguratsuenetako batzuen inspirazinoa izan da.

Mott The Hoople, Dead Cross, Nuevo Catecismo Catolico, The Soul Jacket, Joan Jett eta Gluecifer be kartelean dagoz, besteak beste. Antolatzaileen esanetan, laster emongo dabe behin betiko egitarauaren barri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu