Euskal Liburutegi Nazional Digitalaren oinarriak ezarri ditue
2018-03-22 13:12 KultureaEusko Jaurlaritzeak eta Sancho el Sabio Fundazinoak hitzarmena sinatu dabe.
Kulturearen alor guztietan historian zehar lan egin daben euskal sortzaile guztien obrak Euskal Liburutegi Nazional Digitalean batzea da Jaurlaritzearen asmoa. Epe luzerako helburua dan arren, lehenengo pausuak egin ditu egitasmoak, Sancho el Sabio Fundazinoagaz sinatutako akordioari esker. Oinarrizko euskal liburutegi digitala sortzea izango da lehenengo eginbeharra.
Gasteizen egindako agerraldian azaldu dabenez, oinarrizko liburutegi horretan XX. eta XXI. mendeetako 3.000 liburu digital inguru gordeko ditue, Euskal Liburutegi Nazional Digitalaren lehenengo pausu legez. Euskeraz argitaratutakoen zein Araba, Bizkai eta Gipuzkoako argitaletxeek gaztelaniaz ateratakoen aukeraketa bat izango da.
Halandabe, Euskal Liburutegi Nazional Digitalaren interesgune nagusietako bat euskeraz idatzitako edo euskerara itzulitako obrak izango dira. Jaurlaritzearen menpeko liburutegi sarearen eLiburutegia egitasmoan 16.000 titulu inguru dagoz, baina kontuan izan behar da beste hizkuntza batzuetako pilo bat dagozala hor.
Bingen Zupiria Kultura sailburuak azaldu dauenez, euskeraz argitaratutako obra idatzi, ikus-entzunezko, piktoriko zein musikalak gordeko ditue, jenteari horreetarako sarbidea errazteko asmoz. Helburu horretatik abiatuta, Eusko Jaurlaritzeak eta Sancho el Sabio Fundazinoak sinatu daben akordioak dino euskal ondare bibliografikoa batu eta konserbeteaz arduratuko dala fundazinoa. Jaurlaritzeak 100.000 euro jarriko ditu gitxienez urtero eta lanak aukeratzeko prozesuaren gastuak be pagauko ditu; Sancho el Sabio Fundazinoak 100.000 euro jarriko ditu urtero gehienez.
Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak adierazo dauenez, egitasmo partekatua bultzatzea da gure helburua, eta kultura arloko funtsezko eragileakaz egin nahi dogu, Sancho el Sabio Fundazioagaz, kasurako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!