Antzerkigileek euren eguna ospatuko dabe Bilbon

Bizkaie! 2018-03-22 12:08   Kulturea

Antzerkiaren Munduko Eguna da martitzena, martiak 27.

'Ella no es Liz Taylor' antzezlana | Ikusi handiago | Argazki originala

Urteroko ohitureari eutsita, aurten be Antzerkiaren Munduko Egunaren harira idatzitako manifestu ofiziala irakurriko dabe Bilbon. Ekitaldia martitzenean izango da eta arte eszenikoen munduko artistak eta eragileak batuko ditu. Manifestua hogei hizkuntzatan itzulita dago eta mundu osoan irakurriko dabe hilaren 27an.

Horrezaz gan, Bilboko Udalak emonaldi berezi bat antolatu dau Antzerkiaren Egunagaz bat egiteko. Ella no es Liz Taylor antzezlana eskainiko dau La 9ª Cía taldeak Bilborocken, 20:00etan hasita. Lan horren bersino luzearen erabateko estreinaldia dala azpimarratu dau Udalak. Dobako emonaldia da, baina gonbidapenak aurretik hartu behar dira. Bilboko Zirkuituaren urteko lehenengo hiruhilekoko azken saioa be bada hori.

Antzezlanak Estadu Batuetara eroango ditu ikus-entzuleak, 1965. urtera, lujozko egoitza bateko VIP jaira. Andy Warholek egindako Elisabeth Taylorren artelan bat dago, egileak aktoreari oparituko deutsana. Baina  aurretik, Marcel Duchamp arte garaikideko sortzaileak detaile handiz ikusi nahi dau koadroa. Liz Taylorrek berak horretan harrapatzen dauenean hasiko dira gorabeherak. Txema Trujillo da obrearen zuzendaria.

Antzezlana hasi aurretik irakurriko dabe Antzerkiaren Munduko Eguneko manifestua, Bilborocken bertan. Aurten, Simon McBurney antzezle, idazle eta eszena zuzendariak idatzi dau testua. Antzerkiaren Munduko Eguna 1961ean sortu eban Antzerkiaren Nazinoarteko Institutuak eta martiaren 27an egiten da urtero.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu