Liburu barria aurkeztuko dau Koldo Zuazok Sarako Idazleen Biltzarrean

Bizkaie! 2018-03-28 13:30   Kulturea

Apirilaren 1ean eta 2an egingo dabe azokea.

Sarako Euskal Idazleen Biltzarra betidanik egin izan da Pazko Astelehenean, baina igaz egun bikoa izan zan. Aurten formula horri eutsiko deutsie eta, hortaz, Pazko Astelehenean ez eze, bezperan be euskal liburugintzearen nobedadeak ezagutu ahal izango dira Sarako kiroldegian. Euskerazko liburuak, euskal argitaletxeek plazaratuak zein erderaz euskal gaiak jorratzen dituenak egongo dira, batez be, Ipar Euskal Herriagaz lotutakoak.

Aurtengo nobedade nagusietako bat Koldo Zuazoren eskutik helduko da; azken urteotan euskalkien aztertzaile eta dibulgatzaile handienetako bat bihurtu danak lan barria dakar eta berau aurkezteko leku ezin aproposagoa izango da Idazleen Biltzarra, izan be, Sarako euskerea aztertu dau, EHUren eskutik.

Sarako euskara, funtsean, hiztegi erako liburua da, Saran erabili izan diran eta erabilten diran berba bereziak, esamoldeak eta abar jaso ditu Zuazok. Horretarako, bost urtez ibili da datuak jasoten, hainbat egonaldi egin ditu Saran bertan eta herriko jente ugari alkarrizketatu dau. Danetara, 4.236 berba jaso ditu. Iparraldean halako lanik ez da egin orain arte, Zuazoren esanetan.

Ganera, Sarak euskereari egindako ekarpenagaitik eskerrak emoteko liburua dala dino Zuazok. Gaur egun, ez danez ofiziala, bizirauteko burrukan dabil Sarako eta inguruetako euskerea. Lapurdiko beste herri batzuen aldean, etxean eta kalean sarri erabilten da euskerea Saran, baina ez sasoi baten beste. Baina, Zuazok gogora ekarri dauenez, XVII. mendean hango euskerea prestigio handikoa zan eta hango Sarako Eskolea goi mailako idazle klasikoen sorleku izan zan.

Sarako Idazleen Biltzarrean beste nobedade asko be aurkeztuko dira. Zuazoren liburuaren helburuagaz bat eginik, Senpereko hizkerearen inguruko argitalpena atera dau Xabier Elosegik.

Maiatz, Euskaltzaindia, EKE eta abar be han izango dira euren azken nobedadeak gizarteratzen. Antolatzaileen arabera, 120 idazle inguru egongo dira erakusmahaietan, irakurleen eta autoreen arteko hartu-emon hori dalako, hain zuzen be, azoka honen ardatza.

Omendu bien barri be emon dau Sarako Idazleen Biltzarrak. Batetik, Hatsa proiektu poetikoaren arduradun Auxtin Zamorari egingo deutsie gorazarre; bestetik, Jean-Claude Larronde historialariaren lana be txalotuko dabe. Apirilaren 2an izango da omenaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu