Bost opera, ABAO-OLBEren 67. denporaldian
2018-03-22 08:30 KultureaXIX. mendeari errepasoa egingo deutsie, La Bohème-gaz hasita.
Aurrerapen handiz emon dau ABAO-OLBE alkarteak hurrengo denporaldiaren barri. Urriaren 20an hasiko da, baina dagoeneko badakigu ze bost opera ikusi ahal izango diran Bilboko Euskalduna Jauregiko oholtzan: Puccini, Beethoven, Verdi, Rossini eta Bizet sortzaile handien bidez, XIX. mendeari errepaso zabala egingo deutsie, programazinoko bost tituluak 1814 eta 1896 bitartekoak dira eta.
Erromantizismoa, La Bohème-ren verismoa, epikea... danetariko osogaiak egongo dira operazaleen aukeran. ABAO-OLBEren 67. denporaldian, 16 abeslarik debuta egingo dabe, baita Giacomo Sagripanti errepertorio-maisuak eta José Carlos Plaza eszena zuzendariak be. Mundu guztiko antzokietan ezagunak diran artista ugarik be parte hartuko dabe, esate baterako, Ainhoa Arteta tolosarrak eta Mikeldi Atxalandabasok; atzerrikoen artean, Josep Bros, Roberto Tagliavini, Angela Meade, Daniela Barcellona, Simón Orfila, José Luis Sola, Jessica Pratt, Javier Camarena, María José Moreno eta Mariusz Kwiecien nabarmendu ditu ABAO-OLBEk.
Musikeari jagokonez, aurreko urteetan legez, inguruko orkestrarik onenak konbidauko ditue: Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta EOS, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendari, Juanjo Mena, Riccardo Frizza eta abar ibiliko dira.
Kontuak kontu, 67. denporaldia Giacomo Puccini italiarraren La Bohème lan ospetsuak zabalduko dau, urrian. Historiako opera eder, tragiko eta hunkigarrienetako bat dala dino ABAO-OLBEk. Bilboko programazinoan 27. aldiz emongo dabe. Pedro Halffter zuzendariaren bersinoa ikusi ahal izango da oraingoan.
Hurrengo obrea, zemendian, Ludwig van Beethoven ospetsuaren Fidelio izango da. Askatasuna, maitasuna, abenturea... Leonoreren istorioak danetarikoak daukaz. Datu bitxi bat be badakar, ze ABAO-OLBEren historiako 1000. emonaldia izango da zemendiaren 24koa.
2019ko urtarrilean, Giuseppe Verdiren I Lombardi a la Prima Crociata ikusi ahal izango da Euskaldunan. Tutto Verdi proiektuaren barruko emonaldia izango da. Verdiren obra guzti-guztiak ABAO-OLBEren denporaldien barruan erakustea da egitasmo horren helburua eta I Lombardi a la Prima Crociata honen ostean, beste lan bi baino ez dira faltako zikloa beteteko.
Gioachino Rossiniren Semiramide izango da hurrengoa, zezeilean. Babilonian kokatutako istorio horretan, gorabehera erromantikoak eta poterea lortzeko burrukak tartekatzen dira. Amaitzeko, 2019ko maiatzean Georges Bizet frantziarraren Les Pêcheurs de Perles helduko da Bilbora.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!