Artea eta bertsolaritzea buztartuko ditu Loraldiak barikuan
2018-03-21 13:32 KultureaOholtza ikuskizunean Beñat Krolemek, Jone Uriak eta Jon Martinek parte hartuko dabe.
Loraldiak urtero egiten deutso tartea bertsolaritzeari, alor horretan barrikuntzea eta arte-adierazpideen arteko nahasketea bultzatzeko asmoz. Martiaren 23an, barikuan, Oholtza aurkeztuko dau, performance erako artea eta bertsolaritzea buztartzen dituan saioa. Bertsolari bik ahozko inprobisazinoari ekiten deutsien bitartean, Beñat Krolem artisteak bat-bateko eskultura-performancea egingo dau, hau da, inprobisazinorako molde bi ikusi ahal izango dira oholtzan.
Beñat Krolem ibilbide luzeko artistea da eta bat-batekotasuna ikertzea da bere ezaugarrietako bat. Bide horretan sakontzeko asmoz sortu dau Oholtza, pieza moltso-mobikorren (argiak, egurra...) ganean egindako ikuskizuna. Bere gorputza eta bertsolariena erabilten ditu performance horretan, argien bidezko efektuen bidez.
Emonaldiaren momentuan bertan proiektau, diseinau eta muntatzen diran egiturak erabiliko ditu Krolemek. Eskulturea eta bat-batekotasuna, bisuala eta ahozkoa, errotzat dauen performancea da. Bertsolariak abesten dauenean, berbakaz sortzen dauen bertsoaren pareko prozesuak dira Beñat Krolem artisteak erabiliko dituanak. Bertsoaren sormen-prozesuaren eta gorputzaren jarrerearen arteko loturearen azterketea da Oholtza.
Bilboko emonaldirako, goi mailako bertsolari biren laguntzinoa izango dau Krolemek, biak be 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian finalaurrekoetan kantautakoak: Jon Martin eta Jone Uria. Azkuna Zentroan egingo dabe saioa, 21:30ean. Sarrerak 8 euroan dagoz salgai, 6 euroan Lorazainentzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!