Don Inorrez proiektua abiatu dau Imanol Ubedak
2018-03-21 12:39 MusikeaMugiro bila da bakarka plazaratu dauen lehenengo diskoa.
2016an, Bide Ertzean taldea aldi baterako desegin zanetik, Imanol Ubeda bakarkako proiektu barria lantzen ibili da eta Don Inorrez etorri da, ibilbide barri horretan hartuko dauen izen artistikoa. Egitasmo barriagaz batera, lehenengo diskoa be aurkeztu dau Ubedak, Mugiro bila.
Bide Ertzean-ek etenaldia iragarri eta berehala hasi zan Ubeda abesti barriak sortzen eta gero Don Inorrez bihurtu dan proiektua garatzen. Karlos Aranzegi izan dau bidaide eta konplize. Bide Ertzean-en estilo eta estetikatik iges egiten ahalegindu da, zeozer barria egiteko asmoz. Lortu dauen ala ez, denporeak esango dauela dino Ubedak, oraindino ez dau distantzia nahikoa hartu epai bat emoteko.
Pop ikutuari eutsi badeutso be, agirikoak dira Bide Ertzean-en eta Don Inorrez barri honen arteko aldeak. Doinu zikinagoak landu ditu orain Ubedak eta Paco Loco produktoreak be ikutu barria emon deutso. Ezinbesteko ekarpena izan da Paco Locorena, soinukerea berak emon deutso diskoari, azaldu dau Ubedak. Guk neurriak emon deutsaguz eta berak egin dau jantzia.
Mugiro bila diskoko berbei begiratuta be, desbardintasunak dagoz; Imanol Ubedaren esanetan, disko barriko tonua ironikoagoa eta zirikatzaileagoa da. Abesti batzuetan badago kritikea, baina batez be zirikatzea bilatu dot. Jone Gorostartzuren poema baten oinarritutako Bere txisteak izan zan sortutako lehenengo abestietako bat, eta horko giro ironikoak diskoaren norabidea markau dauela uste dau Ubedak.
Hamar abesti labur dakarz diskoak, baina E. Jauna da salbuespena, bost minutukoa izateaz gan, eduki aldetik be bestelakoa dalako. Pello Lizarralde idazleak Imanol Ubedari bialdutako testu baten dauka jatorria. Giro aldetik desbardina da, baina ondo lotzen da ganerako abestiakaz, zehaztu dau Ubedak.
Poemetatik hartuta dagoz Don Inorrez-en lehenengo diskoko abestietako berba batzuk, besteak Imanol Ubedak idatziak dira. Disko argitsua dala uste dau abeslariak, soinuaren zein berben aldetik. Patxi Larrionen liburu baten topau eban mugiro berbea eta aproposa begitandu jakon diskoaren izenbururako. Bakarkako egitasmoa izan arren, izen artistikoa hartu nahi izan eban Ubedak, eta Don Inorrez aukeratu eban. Bide Ertzean taldeak 2010ean plazaratutako disko baten eta hango kanta baten izenburua be bada Don Inorrez.
Mugiro bila autoprodukzinoa da eta Paula Estevezek marraztu dau azala.
Apirilaren 12an joko dau Imanol Ubedak lehenengo zuzeneko kontzertua Don Inorrez izenpean. Bilboko Kafe Antzokian izango da, 20:00etan, eta sartzea doban da. Hil horren 14an, ostera, Donostiako Dabadaba aretoan joko dau, eta sarrerak salgai dagoz hemen. Zuzeneko emonaldietan, laukote formatuan agertuko da Don Inorrez: Imanol Ubedaren eta Karlos Aranzegiren alboan, Fernando Neira (baxua) eta Ruben Caballero (gitarrea) egongo dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!