Zientzia-fikzinoko nobelea dakar Asel Luzarragak

Bizkaie! 2018-03-21 09:46   Kulturea

Bioklik izeneko liburuak 2044. urteko Bilbo erakusten dau.

Asel Luzarraga (Argazkia: Elkar argitaletxea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Distopien tradizinora eroaten gaitu Asel Luzarraga idazleak idatzitako Bioklik (Elkar) liburuak. Bertan, Orwell eta Huxley-ren itzala igarri daitekela dino egileak. Denporan aurrera egin eta Bilbo uria 2044. urtean ikusteko aukerea izango dau irakurleak. Elebarri honek, unibersidadeko ikasle batek egin behar dauen txosten baten bitartez, sasoi horretako familia bati jazoten jakozan gorabeherak dakarz. Familia horretako ama, Nere Poza, hilda agertuko da eta aita, Txetxu Urruti, atxilotuko dabe. Istorio honegaz orduko jendartearen mekanismo guztiak agirian geratuko dira.

Luzarragak azaldu dauenez, gizarte hori bioteknologikoa da, persona bakotxak bere bioprofila dauka, publikoa eta pribadua dana eta horrek bizitzako zehetasun guztien ganean botoa emoteko aukerea emoten deutso, biotelebisten bitartez bideratzen da dana. Holan, uritarrak sakelakotik zuzenean egindako botazinoak tarteko dirala: greba bat egin leiken ala ez,  gustoko ez dogun musikeak merkadutik desagertu behar dauen ala ez, edo balizko delitu baten akusatua erruduna dan ala ez erabagi ahal izango dau.

Bioklik-en bitartez, etorkizuneko gizarte horretan poterearen mekanismo guztiak, manipuletako erak eta eretxiak sortzeko bideak ikusiarazoten saiatu da egilea.

Asel Luzarraga Bilbon jaio zan 1971n eta Enpresa Zientzietan diplomaduna eta Euskal Filologian lizentziatua da. 2003an, Hamaika ispilu ganbil elebarria kaleratu eban eta ordutik hona, Karonte, Mozorroen xarma, Abaraska, Utopiaren itzala eta Gezurra odoletan liburuak argitaratu ditu, besteak beste. Musikan be ibili da Luzarraga, Punkamine eta Trio Ternura punk taldeetan, hain zuzen be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu