UEU-k Udako Ikastaroen egitaraua aurkeztu dau
2018-03-21 09:18 KultureaEibarren, Iruñean eta Baionan izango dira saioak, bagilean eta garagarrilean.
#ElkarEkin lemapean, Udako Ikastaroen 46. edizinoaren egitarauaren barri emon dau UEU-k egunotan. Aurreko urteetan legez, eskaintzea sano zabala da, bai kopuruz, baita jorratuko diran gaien aldetik be. Izena emoteko epea maiatzean edegiko dabe, baina ikastaroetarako gogotsu dagozanak euren gustuko jarduerearen bila hasi leitekez dagoeneko.
Lau moltsotan banatu dabe eskaintzea: Jardunaldiak, ikastaroak, EWKE tailerrak eta IkerGazte tailerrak. Egoitza nagusiak Eibar, Iruñea eta Baiona izango badira be, saio batzuk beste leku batzuetan egingo ditue, berbarako, Donostian, Gasteizen eta Usurbilen.
Jardunaldien atalean, bost aukera dagoz. Bagilean, Psikologo Euskaldunen Topaketea egingo da, baita Euskara Batuaren Helduaroa izenekoa, baita Informazino eta Dokumentazino Kudeatzaileen Topaketea be. Garagarrilean, barriz, Matematikari Euskaldunen III. Topaketea eta Jakin Jardunaldiak hartuko ditu UEUren egitarauak.
Ikastaroetan dago eskaintzarik zabalena, 21 kurso hain zuzen. Danetariko gaiak landuko ditue: Osabedarrak, bertsolaritzea, hizkuntzak, komunikazinoa, hezkuntzea, generoa, sateliteak...
EWKE tailerretan, ostera, Wiki proiektuak izango dira ardatza, Euskal Wikilarien Kultura Alkartearen ekimena dan ezkero. Amaitzeko, IkerGazte tailerrak Eibarren izango dira, garagarrilean.
Izena emoteko epea maiatzaren 14an zabalduko dabe eta ikastaro bakotxa amaitu baino astebete lehenago zarratu. Jarduera bakotxak prezio bat izango dau eta beherapenak izango ditue hainbat kolektibok (erretiratu, ikasle eta abarrek) eta UEUkideek.
Ikastaroen zerrendea eta argibideak, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!