Urteko Batzar Nagusia egingo dau Labayruk gaur

Bizkaie! 2018-03-21 08:41   Kulturea

Ohorezko hiru kide izentauko ditu: Rafael Barbier, Bego Etcheverry eta Segundo Oar-Arteta.

Labayruko arduradunak, 2017an Lehendakariaren bisitea jaso ebenean (argazkiak: Labayru Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Labayru Fundazinoak urteroko Batzar Nagusia egingo dau gaur, hilak 21, Bilboko Rekalde Aretoan. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da ekitaldia eta bertan batuko dira erakunde horren partaide eta laguntzaileak. Urteko jardueren eta diru-kontuen inguruko argibideak emongo deutsiez.

Ganera, Batzar Nagusian Ohorezko hiru kide barri izentauko ditu Labayruk. Honeek dira:

- Rafael Barbier: 1985ean egin zan Labayruren Laguntzaile, baina kultura erakunde hau 1977. urtean sortu eta gitxira hasi zan babesten eta diruz laguntzen Bizkaiko Aurrezki Kutxa, bera zuzendari zala, Labayru Fundazinoaren (orduko Ikastegiaren) argitalpenak eta egitasmoak. Hartu-emon eta atxikimendu estua euki dau Labayruren jarduerakaz, erakundearen laguntzaile eta gogo-emoile handia izan dalarik. Hutsik egin barik parte hartu izan dau urteroko batzarretan.

Rafael Barbier

- Bego Etcheverry: Bilboko emakume euskaltzale eta kulturazaleen erakusgarri bikaina da Labayru eta beste alkarte eta erakunde batzuetan be laguntasuna emon dau Etcheverryk. Labayru Fundazinoan euskaldundu zan, bertako ikastaroetako bost mailak eginaz. 1977an, erakundea sortu zanetik da Laguntzaile.

Bego Etcheverry

- Segundo Oar-Arteta: 1979. urtetik da Labayruren Laguntzailea. Erakunde barruan maila guztietan parte hartu dau eta luzaroan bertako behargin izana da. Beronen ekarpen nagusia Atlas Etnografikoaren erredakzinoan egindako lana da. Baina Labayru Fundazino barruan bestelako egintza eta lan asko be egin ditu, kultura gaietan jakin-min eta jakituria handia erakutsirik. Legegizon moduan itzal handikoa izan da beronen aholkularitza eta partaidetzea.

Segundo Oar-Arteta

Txakolinak on egin!

Labayru Fundazinoak ondarean egiten dauen lanaren barruan, aurten Agricultura en Vasconia liburua argitaratu barri da, Atlas Etnográfico de Vasconia egitasmoaren barruan. Beste alde batetik, aurten Ondarearen Europako Urtea da, eta hori be ospatu gura izan dabe txakolin-dastaketa bat eginez. Hasteko, bideo baten batu ditue barri-emoileek esandakoak txakolinaren inguruan. 

Horren ostean Adolfo Arejitak txakolinagaz zerikusia daukan lexikoaz eta idazleen ekarpenakaz berbaldia egin dau. Ikusi testua.


Ondoren, Garikoitz Riosek (Itsasmendi) txakolinaren historia, egiteko moduak, ezaugarriak eta Itsasmendi egitasmoa azaldu ditu.Gero Itsasmendi txakolinaren lau mueta probetako aukerea egon da.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu