'Aingurak' diskoa aurkeztu dau Inun-ek

Dabi Piedra 2018-03-20 11:25   Musikea

Eguenean zuzenean joko dau Bilbon, Loraldiaren barruan.

Mikel Inunziaga, Inun, musikariaren ibilbidea laburra da, baina dagoeneko hirugarren diskoa plazaratu dau, Aingurak. Diskotik diskora bere burua sendoago ikusten dau zornotzarrak, horregaitik dino aurreko bien aldean hobekuntzak dakarzala hirugarren honek. Hobekuntza horreek detaileetan dagoz: Produkzinoa garbiagoa da, instrumentazinoa hobeto eginda dago... Ikasten zoaz, azaldu dau.

2014an plazaratu eban Berreginez, disko freskoa. 2016an, Da Nola heldu zan, poema musikatuen bildumea, landuagoa. Aingurak aurreko bien nahastea dala dino Inunek, hibridoa, denporeak emoten dituan hobekuntzak gehituta. Jon Benitok idatzi eta Inunek musikara ekarritako Aingurak erreketan olerkia da izenburuaren arrazoia.

Aingureak badau indar sinbolikoa, disko honen melodietan, berbetan, igarten da halako pisu bat, azaldu dau Inunek. Dana dala, tristezia eta iluntasuna bakarrik ez ditu sartu nahi izan, lan pisutsuegia ez egiten ahalegindu da. Orekea bilatu dau, pop erritmoek abesti batzuk arintzen ditue.

Zortzi kanta dagoz Aingurak diskoan. Berbak Inunek idatzi ditu horreetako batzuetan eta, ganerakoetarako, Iñaki Mendizabal eta Iñigo Astizegana jo dau, biak idazleak eta lagunak dira eta. Jon Benitoren poema batzuk be erabili ditu. Gizakiaren kezkak eta gogoetak aitatzen ditu abestietan: Persona guztiok antzeko kezkak izaten doguz, gero bakotxak bere filtroa pasetan dau.

Grabazinoan kolaboratzaile ugari izan ditu inguruan. Ruben G. Mateos, Dani Tomas, Ekain Alzola, Bihotz Gorospe eta Sergio Mayoral izan ditu laguntzaile, produkzinoan, instrumentazinoan eta koruetan. Aurreko bien moduan, disko hau be autoprodukzinoa da.

Aingurak diskoa aurkezteko agerraldia Bilboko Kafe Antzokian egin dau Inunek eta hantxe bertan joko dau lehenengo kontzertua: Eguenean, hilaren 22an, izango da, gaueko 22:00etan, Loraldiaren egitarauaren barruan. Grabazinoetan inguruan izan dauen bandeagaz igongo dau oholtzara, baina beste kontzertu batzuetan formatu txikiagoak erabiltea ez dau baztertu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu