Aktorearen atzean dagoan personea agertu dau Oier Guillanek
2018-03-20 08:40 KultureaZauri Bolodia liburua Txalaparta argitaletxearen eskutik plazaratu dau.
Antzerkigintzearen inguruan ibili da Oier Guillan azken urteotan eta aurkeztu barri dauen Zauri Bolodia liburu barria be arlo horretakoa da. Baina ez da antzezlana, narrazinoa baino. Antzerkigintzearen munduan kokatu dau istorioa, baina aktorearen atzean dagoan personea erakusteko asmoz. Autorearen beraren alter ego moduko bat da protagonistea.
Zauri Bolodia da, hain zuzen, pertsonaia nagusi hori. Azken 13 urteotan antzerkigintzan bizi izandakoak dakarz liburuak: Kultureagaz eta sormenagaz zelako loturea izan dauen, batez be. Horreek urte guztiak ez dira alperrik pasau, garapen bat, kontraesanak eta barruko burrukak dagoz. Ganera, antzerkigintzea eta sorkuntzea zelan joan diran prekarizazinoan jausten be erakusten dau Guillanek.
Hamairu kapitulu ditu liburuak, pasetan dan urte bakotxeko bat. Atal bakotxaren barruan fikzinoa eta gogoetea tartekatzen dira. Zauri Bolodia pertsonaiaren gorabeherak kontetan ditu fikzinozko zatian, bestean, ostera, urteotan idatzi dituan testutxu laburrak sartu ditu Guillanek, ia-ia modu autobiografikoan. Fikzinozko atalak bakarrik kontuan hartuta, nobelearen egituratik hur egongo litzateke istorioa, Txalaparta argitaletxeko editore Mikel Sotoren ustez.
Zauri Bolodia aurkezteko egindako agerraldian, Oier Guillanek nabarmendu dau liburuaren hasieran pertsonaia era batekoa dala, baina aldatuta heltzen dala amaierara, 13 urte geroago beste persona bat balitz legez. Begiradea aldatu jako, underground edo korronte nagusikoa izan aukeratu beharra sentiduten dau. Harik eta binarismo horretatik alde egiten dauen arte, eta bitarteko gorputz bihurtu, autorearen arabera. Sailkatzen gatxa da Zauri Bolodia pertsonaia, liburua bera be sailkatzen gatxa dan legez.
Liburuan agertzen diran pertsonaia asko, Zauri Bolodia protagonistatik hasita, Guillanen alter ego-ak dira. Esaterako, berbaurrea idatzi dauen Madame Slip. Mikel Sotok autoreak darabilen diskursoa azpimarratu dau.
Idoia Beratarbidek egin ditu liburuko azala eta barruko ilustrazinoak. Beratarbideren lanak bolumena edo gorputza emon deutsala adierazo dau Oier Guillanek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!