Raisa Álavaren artelanak Bilbon

Bizkaie! 2018-03-20 08:15   Kulturea

Barriek programeari esker, maiatzaren 20ra arte egongo da Momentuz ez erakusketea ikusgai.

Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Barriek programako artista baten bakarkako erakusketea dakar Bilboko Rekalde Aretoak. Raisa Álavaren Momentuz ez erakusketan, marrazki handi bi, sei lan digital eta zeramikako piezen moltso bat dagoz.

Raisa Álavak holan azaltzen dau bere lana: Nire praktikea aldatu egiten da, baina beti oinarritzen da marrazkian, batez be grabatuan. Formatik eta estetikotasunetik abiatuta egiten dot lan. Irudirik sortzeko asmo barik, neure espezifizidadetik beste bat eregiteko asmoz. Saretik artxiboak hartu eta bestelako ikonografia historiko batzuk bilatzen deutsez Álavak, forma horreen berezko esangurea alboratuta.

Artistearen esanetan, bere obrak figuratiboak dira, baina abstraktuak balira legez ikusten ditu, ezagutzen ez dituan zeozer bihurtzen ditu eta. Ez dago irudi figuratibo bat sortzeko ezelako asmorik, euren formearen arabera buztartzen diran ikonografietako elementuen collage antzeko bat sortzekoa baino.

Raisa Álava Zuatza herrian jaio zan 1990ean, baina Bilbon bizi da. EHUn Arte Ederrak ikasi eta gero, teknika grafikoen espezialidadea egin eban. Horren ostean, masterra ikasi eban komikigintzearen ilustrazinoaren atalean. Bartzelonako egonaldian hasi zan zeramikea erabilten.

Barriek bekearen laguntzinoa izan eban Álavak. Bizkaiko Foru Aldundiak artista gazteei bultzadea emoteko sortu dauen egitasmoa da Barriek. Urtero, artista talde bat aukeratzen dau eta, ondoren, bekeari esker garatutako lana Rekalde Aretoan batzen dabe, banakako erakusketen bidez.

Momentuz ez erakusketea maiatzaren 20ra arte ikusi ahal izango da Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan. Sartzea doban da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu