Artearen leiho barria San Frantziskon, Bilbo Zaharrean eta Miribillan

Bizkaie! 2018-03-19 13:15   Kulturea

Aretxaga-Miribilla gune artistikoa zabaldu dau Bilboko Udalak.

Andoni Euba eta Xabier Otxandiano, 'Arranoak vs Droneak' obrearen aurrean (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Miribilla alkartzen diran kale estuetan, arteak leiho barria izango dau aurrerantzean, Bilboko Udalak aurkeztu dauen proiektuari esker; Aretxaga-Miribilla gunea, aire zabalean, artearen topaleku izango da, baita inguruko auzoen bizigarri be. Aretxaga eta Miribilla kaleek bat egiten daben lekuan dago, hortik jatorko izena.

Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko zinegotziak eta Andoni Euba artisteak parte hartu dabe gunearen inaugurazinoan. Momentu honetan, tamainu handiko horma-irudi bi dagoz bertan, baina izaeraz desbardinak dira: bata estatikoa da eta bestea, ostera, mobikorra, hau da, hiru hilean behin aldatzen joango da.

Berezitasun bat dabe horma-irudi biek, orio-pinturaz marraztuta dagozala eta hori ez da ohikoa Bilboko muraletan. Andoni Euba bera eta Stanislav Sadovy ukrainiarra dira egileak. Horma-irudi estatikoa 3,8 metro zabal da eta beste horrenbeste garai; Arranoak vs Droneak izenburua ipini deutsie.

Horma-irudi mobikorra, ostera, 3,2 metro zabal da eta urte biko epean zortzi diseinu izango ditu. Orain, Eubaren semeetako baten erretratua agiri da.

Helburu artistikoa ez eze, gizarte arlokoa be badau Aretxaga-Miribilla guneak. San Frantzisko-Bilbo Zaharra-Miribilla eremuaren bizibarritze sozialean eragiteko ipini ditue muralak, eraldaketa sozial eta kulturalean ekarpena egin guran. Bilbo Zahar, San Frantzisko eta Zabalako izaera indartsuagaz bat egiten dau, baita bertako aniztasun kultural eta sozialagaz be, azpimarratu dau Otxandianok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu