Erromeria bi eskainiko ditu Aiko Taldeak Bilboko Basque Fest-en

Bizkaie! 2018-03-19 08:50   Kulturea

Aiko Taldea martiaren 31n eta apirilaren 1ean egongo da Plaza Barrian eta Artxandan.

Bilboko Aste Santua animetako asmoz, Basque Fest jaialdia izango da aurten be urian eta atondutako jardueren artean dagoz Aiko jantza taldeak eskainiko dituan erromeria bi: Plaza Barrian eta Artxanda mendian. Bilbotarrek eta bisitariek giro dibertigarrian eta alaian jantzan gozau ahal izango dabe bertan.

Sabin Bikandi (txistua eta tanbolina), Álvaro García (gitarrea), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) eta Txus Aranburu (akordeoia) musikariek eta Patxi Laborda jantza maisuak izango dira taula ganean. Antolatzaileek dinoenez, jauziak, jotak, porruak, mazurkak, pasodobleak, balsak, tangoak… danetatik jantzan egin ahal izango dabe hurreratzen diranek.

Basque Fest jaialdia Kultura, turismo eta gastronomia arloko ekimen handia da eta Bilbon tradizinoa eta modernotasuna buztartzea dau helburu, horretarako euskal kulturearen ikuspegi zabala eskainita. Aurten, martiaren 28tik apirilaren 1era ospatuko dabe.

Aikoren lehenengo hitzordua martiaren 31n, zapatuan, izango da, arrastiko 18:30ean Plaza Barrian; taldeko musikarien kolorea eta jantza maisuen pausuak nahitaezkoak izango dira hurreratzen diran zaleek jantzan egin deien.

Artxanda mendiko erromeria, barriz, apirilaren 1ean, domekan, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara egingo dabe aire librean. Saio horretan, ganera, Bizkaiko Gaiteroak alkarteak Lizarrako larrain jantzan parte hartu deien animauko dau jente guztia.

Erromeriei esker, Aste Santuan Bilbora datozen bisitari ugarik euskal jantza ezagunen lehenengo pausuak ikasi eta modu aktiboan parte hartu ahal izango dabe.

Aiko Taldea, jantza tradizionala pasinoz bizi daben musikariz eta jantza maisuz osotutako kolektiboa da, eta hamar urte baino gehiago daroaz jantzearen hedapenean lanean, mueta guztietako jardueren bidez: musikea tarteko dala jantzan eginez, erakutsiz, grabazinoak eta ikerketak eginez…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu