Erromantizismo sasoiko Bilbo erakusten dauen liburua berreskuratu dabe

Bizkaie! 2018-03-19 10:10   Kulturea

Bilboko Gida eta Bidaztien Gidaria Bizkaian izenpean argitaratu dau Bilbao 700 Fundazinoak.

Lan korala da Bilboko Gida eta Bidaztien Gidaria Bizkaian liburua. 1840an ikusi eban argia lehenengoz gideak Europako uriburu nagusietan fenomeno barriak ziran sasoian, hain zuzen be. Bilbokoan hainbat monumentu eta jakingarri batzen dira.

Gure oroimenaren zati bat dala dinoe Bilbao 700 Fundazinokoek, argitalpen honetan jatorrizko testua ez dala bape aldatu azpimarratu dabe, ezinbestekoak ziran zuzenketa ortografikoak egiteko baino ez dabe ikutu.

Liburuaren lehen argitaraldia Depont moldiztegian egin zan, eta oraingo azalean bere jatorrizko izenburua agiri da: Guía de Bilbao y conductor del Viajero en Bizkaia.

Bilboko Gida eta Bidaztien Gidaria Bizkaian liburu hau da Bilbao 700 Fundazinoak argitaratzen dauen Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumako laugarren lana, eta bertan agiri dira jasota Bilboko hainbat leku interesgarri, berbarako Plaza Barria, Aldundiaren egoitza barria Plaza Barrian (egun, Euskaltzaindiaren egoitzea), Aduana Barria, Zirkua eta Bilbo erromantikoko beste hainbat leku eta monumentu. Aitagarria da lehen aldiz argitaratu dala liburu hau euskeraz eta gaztelaniaz batera.

Bitxi bibliografiko eder bat da, eta modu berezian, Iñaki Esparzari eskertu nahi deutsat Bilbao 700 Fundazinoaren eskuetan jarri dauelako berreskuratua izateko, azpimarratu dau Bilboko alkate Juan Mari Aburtok liburuaren aurkezpenean. Argitaratzailearen garrantzia be nabarmendu nahi izan dau Aburtok: Adolfo Depontek 1846an argitaratu eban Guia de Bilbao y Conductor del Viajero en Bizkaia. Haren moldiztegia zan Lehen Karlistadearen osteko Bilbo haretan egozan hiru garrantzitsuenetako bat.

Bilbao 700 Fundazinoaren zuzendari Miren Josune Ariztondok, bere aldetik, argitalpen barri honen asmoa da, gure herrialdea bisitetan datorren kanpotarrak topau daizala gidaliburu honetan 1846ko Bilbo ezagutzeko behar dituan datu guztiak, azpimarratu dau.

Bilduma honen bidez berreskuratu egin da Bilbogaz loturea izan daben eta gure historian lorratza laga daben persona eta erakundeen lana eta nortasuna. Oroimen historikoa modu zorrotzean lantzen da bilduma honetan, ibilbide atsegin eta erakargarri bat proponiduz, irakurketa bakotxa abentura personala izan daiten irakurlearentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu