Joan Mari Torrealdai omenduko dabe Udako Ikastaroetan
2018-03-19 09:40 KultureaZentsurea eta Literaturea: Memoria Eztabaidatuak Nazinoarteko Biltzarra egingo dabe bagilean.
Joan Mari Torrealdai euskaltzale, idazle eta euskaltzain emeritua gogoan hartuko dabe EHUren Udako Ikastaroetan, zentsurearen inguruan antolatutako topaketa baten harira. Izan be, euskal literaturea sakon aztertu dau Torrealdaik eta, zeregin horren barruan, zentsureak izandako eraginaz idatzi dau sarri. Esaterako, Artaziak, euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 liburua argitaratu eban orain dala urte batzuk.
Zentsurea eta Literaturea: Memoria Eztabaidatuak Nazinoarteko Biltzarra hartuko dabe Udako Ikastaroek, bagilaren 21 eta 22an. Francoren diktadurearen sasoian errepresinorako estrategia poteretsua izandako zentsurea aztertzea da jardunaldion asmoa. Izan be, EHUren arabera, diktadurako errepresinoen artean gitxien jorratu danetako bat da.
Zentsurearen berezitasunak aztertuko ditue biltzarrean, Francoren sasoietan hasi eta horren ondorengo urteetaraino, batez be, euskal argitalpenen kasuei erreparauta, baina Espainiako egoerea ahaztu barik. Zentsurearen garapena eta eragina lantzea ez eze, gogoetea bultzatzea da helburua.
Biltzarraren barruan, Joan Mari Torrealdai omenduko dabe, zentsurearen gaia aztertzeko egin dauen ahaleginagaitik. Debekatuak baina ez ahaztuak erakusketea be ikusgai egongo da, kasu horretan Alfonso Sastreren omenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!