Leioako Umore Azokako konpainiak aukeratu ditue

Bizkaie! 2018-03-16 13:56   Kulturea

Bertoko eta kanpoko 42 taldek parte hartuko dabe, tartean Leioako lauk.

Leioako Kaleko Artisten Azokeak, Umore Azokeak, 19. edizinoko parte-hartzaileen barri emon dau. Maiatzaren 17tik 20ra bitartean, 42 konpainiak hartuko ditue herriko kaleak, ehun emonaldi baino gehiagotan, nazinoartean erreferente bihurtu dan topaketa horri esker. Leioako Udala da Umore Azokearen bultzatzaile nagusia.

Leioan izango diran konpainien erdiak, 21, Euskal Herrikoak izango dirala aurreratu dabe Umore Azokearen arduradunek. Horri, Tokiko Eszena ekimenean parte hartuko daben Leioako lau taldeak gehitu behar jakoz. Ganerakoen artean, espainiarrak dira nagusi, 12, eta beste herrialde batzuetatik etorriko dira beste bost.

Aurreko urteetan legez, kalidadearen alde egin dabe Leioako Udaleko programatzaileek, hautagai guztien artean aukeratzeko orduan (525 proposamen jaso zituen). Originaltasuna be bilatu dabe eta horren erakusgarri da programazinoan 14 estreinaldi dagozala. Beste ikuskizun bi lehenengo aldiz aurkeztuko dira kalean eta, azkenik, Espainian estreinaldi diran bost lan egongo dira.

Antzerkia, jantzea eta zirku garaikidea izango dira programazinoaren ardatzak, baina beste disziplina batzuentzako lekua be egongo da, esaterako magia, umorea eta suzko ikuskizunak. Leioako kale, plaza eta leku publikoetan izango dira ikuskizun guztiak, ehun baino gehiago, dan-danak doban.

Umore Azokeak lekuan lekuko talentuagaz dauen konpromisoa betez, aurten Tokiko Eszena ekimena indartu dabela dinoe antolatzaileek. Honeek dira Leioako konpainiei gordetako egitarau berezi horretan parte hartuko daben lau taldeak: Andoni Aresti Jantza Eskolea, Despertar los Sentidos arte alkartea, Leioako Musika Bandea eta Fidias Fundazinoa. Leioako jarduera artistikoa dinamizau asmoz, hirugarren urtez egingo dabe Tokiko Eszena.

 

Konpainien zerrendea:

Euskal Herrikoak (21)

Aimar & Cía.

Amaia Elizaran.

Bubumara Dance Theatre.

Cía. Barsanti.

Compañia InPut.

Denis Santacana Dantza konpainia.

Dramagia (Magionetas, S.C.).

Elirale Dantza Konpainia.

Ganso & Cia.

Hortzmuga Teatroa.

Iñaki Mata Antzerkia.

Lasala.

Krego-Martin Danza.

Manez eta Kobreak.

Markeliñe.

Node Akziona!

Organik.

Pez Limbo.

Larrua proiektua.

The Funes Troup.

Tio Teronen Semeak.

 

Besteak (16)

Hermanas Gestring (Andaluzia).

Manolo Carambolas (Andaluzia).

Kolektiv Lapso Cirk (Gaztela Leon).

Amer i África Circ Cia (Katalunia)

Chapertons Cómic Teatre (Katalunia).

Circ Panic (Katalunia).

Kolektibo Baakai Katiuska (Katalunia).

Los Moñekos (Katalunia).

Murmuyo (Katalunia).

Potato Omelette Band (Madril).

Lucas Locus (Valentziako Erkidegoa).

Chey Jurado (Extremadura).

Brunette Bros (Danimarka).

Company Bilbobasso (Frantzia).

Vicent de Rooij (Herbehereak).

Erva Daninha (Portugal).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu