Erlijinoak ardatz, narrazino liburua plazaratu dau Jose Enrike Urrutia Capeauk
2018-03-16 08:41 KultureaPelegrinak lanak 20 istorio dakarz.
Idazle beteranoa da Jose Enrike Urrutia Capeau eta lehenago be idatzi izan dau erlijinoen ganean. Bere esanetan, beti interesau jako erlijinoa, kultura eta zibilizazino gehienen oinarrietako bat diran ezkero. Gizarteagaz eta politikeagaz erlijinoak dauen loturea nabarmena dala dino, eta ia konturatu barik gaur egun be sinismenek eragin handia dabela azpimarratu dau.
Orain liburu oso bat idatzi dau erlijinoak ardatz dirala. Mundu guztiko sinismenen bila jo dau, Europan hasi eta India, Kuba eta beste herrialde batzuetaraino. Erlijino handiak zein txikiak aitatzen ditu. Ez da erlijinoen ganeko azterlana, 20 narrazinodun liburua baino, baina munduko erlijinoen inguruko datu jakingarri ugari topauko ditu irakurleak. Besteak beste, herrialde urrunetako kondairak eta jazoera historikoak tartekatu eta horri guztiari batasun literarioa emon deutso gero. Umorea eta ironia erabili ditu narrazino batzuetan, eta erlijinoen arau absurdu batzuk aitatu, hasierako irakaspenetatik zenbat urrundu leitekezan adierazoteko. Dana dala, ez dauela kritika garratzetan sartu nahi izan ziurtatu dau.
Aitatu beharrekoa da, era berean, Pelegrinak liburuko testuak ez eze, ilustrazinoak be Jose Enrike Urrutia Capeauk eginak dirala, izan be, idazlea eta margolaria da bera.
Pamielaren eskutik plazaratu dau Pelegrinak, Capeauren eta argitaletxe horren arteko hartu-emonak aspaldikoak dira eta. Aurkezpenean, Jose Angel Irigarai Pamielako editorea, Jose Julian Bakedano zinemagile eta idazlearen laguna eta Jose Enrike Urrutia Capeau bera egon dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!