Belakok hiru garaikur irabazi ditu MIN Sarietan

Bizkaie! 2018-03-15 13:53   Musikea

Euskerazko disko onenaren saria Delorean taldearentzat izan da.

Musika Independentearen Sariak banatu ditue bart Madrilen, MIN Sariak izenekoak, eta euskal musikariek hainbat garaikur ekarri ditue etxera 10. edizino honetan. Arrakastatsuena Belako banda mungiarra izan da, Render Me Numb, Trivial Violence diskoari esker hiru sari emon deutsiez eta. Hain zuzen be, artista onenaren, zuzeneko emonaldirik onenaren eta bideoklip onenaren sariak irabazi ditu Belakok. Halandabe, aurtengo MIN Sarietako artistarik nabarmenena Maria Arnal i Marcel Bages bikotea izan da, lau garaikur irabazi ditue eta: disko, artista barri, abesti eta pop disko onenak.

Espainiako hizkuntza ofizial bakotxak bere atala dauka MIN Sarietan eta euskerazkoen kasuan, Delorean izan da irabazlea. Mikel Laboaren omenezko diskoa plazaratu eben zarauztarrek udagoienean eta berau izentau dabe euskerazko diskorik onena. Jabier Muguruza, Zea Mays, Fermin Muguruza eta Rafa Rueda izan dira beste hautagaiak.

MIN Sarietan 22 kategoria dagoz guztira. Euskerazko diskorik onenaren ataletik kanpo be euskal artistek izan ditue hautagaitzak. Delorean eta Fermin Muguruza Grabazino Elektronikorik Onenaren kategoriako finalista izan dira, baina ez dabe irabazi, Belako hiru sarigaz etxeratu dan bitartean. Atal bakotxeko finalistak publikoaren botoen bidez aukeratu zituen, baina behin betiko irabazleak nortzuk izan diran ebaztea epaimahaiaren esku egon da.

MIN Sarietako 10. edizinoko palmares osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu