Emozinoa, memoria eta generoaren gaiak landuko ditue Boisen
2018-03-15 11:59 KultureaNazinoarteko adituak batuko dira bertan, Garbiñe Iztueta eta Mari Jose Olaziregi dira horreetako bi.
Gaur emongo deutsie hasierea Memory & Emotion, Women´s Stories: Constructing Meaning from Memory (Oroimena eta emozinoa, Emakumeen Istorioak, oroimenetik esangurea eregiz) kongresuari Boise State Unibersidadean, bertan atondutako Lehen Munduko Hizkuntzen Nazinoarteko Kongresua Kultura Ikasketetan, hain zuzen be.
Lau egunez, nazinoarteko adituak batuko dira askotariko berbaldiak eskaintzeko eta horreen artean dagoz Garbiñe Iztueta Etxepare Euskal Institutuko euskerea sustatu eta zabaltzeko zuzendaria eta bere aurretik kargu berean egondako Mari Jose Olaziregi.
Kongresu honek emozinoa, memoria eta generoaren gaiak landuko ditu, ikasketa kulturalen ikuspuntutik helduta. Hortaz, aitatutako gaiak hainbat diziplinakaz buztarutako berbaldiak jasoko ditu: hizkuntzea, soziologia, historia, filosofia, etikea, ikasketa globalak edota ikusizko arteak, besteak beste.
Era berean, helburua da memoriaren beharra edo honen laguntzinoa lantzea immigrazinoa edo behartutako lekualdatzeetan eta herrialde barrirako egokitzapen prozesuetan. Ikerketen aurkezpenak eta eztabaidak be egongo dira, horreen artean, gune berezi bat eskainiko jako euskal diasporan emakumeek jokatutako zereginari.
Boiseko Unibersidadeko irakurle Larraitz Ariznabarreta eta bertako irakasle dan Nere Lete dira kongresu honen antolatzaileetako bi. BSUko Munduko Hizkuntza Departamenduak eta Eloise Garmendia Bieter Euskal Ikasketen Katedreak atondu dabe, Idaho Humanities Council, BSU eta Etxepare Euskal Institutuaren babesagaz.
Egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!