Charenée Wade, Billy Hart, Joshua Redman, Michel Camilo eta Tomatito, Getxo Jazzen

Bizkaie! 2018-03-14 11:50   Kulturea

Danetara, 16 saio dagoz egitarauan.

Charenée Wade Getxon izango da garagarrilaren 4an | Ikusi handiago | Argazki originala

Kontzertu nagusien egitaraua zarratutzat jo dau Getxoko Nazinoarteko Jazzaldiak, gaur iragarri dituan artisten barri emonda. Charenée Wade abeslaria, Billy Hart bateria-jotzailea, Joshua Redman saxofonistea eta Michel Camilo piano-jotzaileak eta Tomatitok osotutako bikotea oholtzan izango dira garagarrilaren 4tik 8ra.

Lehendik be iragarrita egon diran artistei, Kenny Garrett eta Chano Dominguezi, batu jakez horreek. Modu horretara, eta beste ataletako emonaldiak gehituta, 42. Getxo Jazzek 16 saio izango ditu. Martiaren 28an hasiko dira sarrerak saltzen.

Charenée Wade izango da jaialdia martxan ipinteko arduraduna, garagarrilaren 4an. Abeslari estadubatuarra etorkizun handiko izena da nazinoarteko eszenan, Getxo Jazzeko arduradunen esanetan. Bere tinbreak, dinamika harrigarriz erabilita, Betty Carter eta Sarah Vaughan gogora ekarten ditu eta horren berezko ñabardurak egungo jazzaren abangoardiari lotuta dagoz.  Getxon, besteak beste, Offering diskoaren kantak aurkeztuko ditu. 

Garagarrilaren 6an, Billy Hart-en txandea izango da, jazz arloko bateria-jotzaile handienetakoa. Bere ibilbide luzean zehar, perkusionista amerikarrak ospe handiko artistakaz jardun dau alkarlanean, esaterako Otis Redding, Montgomery Brothers, McCoy Tyner, Wayne Shorter, Joe Zawinul, Pharoah Sanders, Marian McPartland, Herbie Hancock eta Stan Getz-egaz. Lider legez 11 disko grabau ditu.

Laukote formatuan joko dau, bestetik, Joshua Redman saxo-jotzaileak. Redman jazz eszenan nabarmendu zan 1991n, Thelonius Monk nazinoarteko lehiaketa ospetsua irabazita. Jazzaren izen handien alboan ibilia da, esaterako Chick Corea, Jack DeJohnette, Bill Frisell, BB King, Branford Marsalis, John Scofield, Toots Thielemans eta beste batzuekaz.

Amaitzeko, Michel Camilok eta Tomatitok osotuko daben bikotea aitatu behar da. Garagarrilaren 8an, eurek zarratuko dabe Getxo Jazzeko egitaraua. Orain dala 30 urte baino gehiago jo eben alkarregaz lehenengo aldiz. Jazzaren munduan pianoa eta gitarrea buztartzea ez da erraza baina bikote honen lanak behera bota dau aurreretxi hori.

 

Michel Camilo eta Tomatito

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu