Josu Bergarak bere bosgarren diskoa grabau dau

Bizkaie! 2018-03-13 11:32   Musikea

Bagilean ikusiko dau argia lan barriak Bilboko Kafe Antzokian.

Urdulizko Tio Pepe estudioan grabau dau Eako bakarlariak bere bosgarren lana. Bederatzi abestiz osotutako disko barrian zazpi musikari ibili dira Bergaragaz kolaborazino lanetan.

Kantautorearen kantu barrietan, doinu akustikoak eta zuzenekoak nabarmenduko dira orain, bandako musikari bakotxaren fintasuna eta samurtasunari protagonismo berezia eskaini nahi izan deutsielako.

Grabazino guztia zuzenean egin dabe, musikari guztiak alkarregaz ibili dira saio akustikoetan. Dinoenez, grabaketa egunetan estudioan erabilitako koladun piano bat alokatu be egin eben. Horrezaz gan, jazz musikearen eragina nabaria izan da, batez be pianoa, kontrabaxua eta bateria-jotzaileen lanean.

Abestien berbetan eta melodietan ardatz poetiko argiak igarten dira, eta oinarri literarioak, barriz, berbetan. Horrezaz gan, Bergarak askotariko gaiak jorratu ditu: batzuk nahiko xelebreak: aitatasuna eta deskonexino teknologikoa, adibidez. Beste batzuk ohikoagoak euskal kantagintzan, adierazpen askatasuna eta hainbat gai sozial edo politiko berbagai hartuta.

Bergararen bandan eskarmentu handiko musikariak dagoz: Nerea Alberdi Etxebarria, bibolin jotzaile eta konposatzailea; Mikel Nuñez Lauzirika piano jotzailea; Irati Bilbao Gandarias abeslaria; Daniel González Álvarez baxu jotzailea eta kontrabaxu jotzailea; Lüi Young gitarristea eta Txema Arana bateria.

Produkzino musikala Bilboko Dr. Maha´s Miracle Tonic taldeko abeslariaren ardurea izan da: David Sanchez Damiánena, hain zuzen. Bestalde, grabaketa estudioan Unai Mimenza izan da teknikaria.

Grabazinoetan artista eta gonbidadu bereziak be izan dira, Gaizka Peñafiel trikitilaria, Naroa Gaintza abeslaria eta Rayco Sanchez raperoa, besteak beste.

Josu Bergarak apustu handia egin dau disko barriaren autoprodukzino, grabazino eta produkzinorako. Emoitzea bagilean aurkeztuko dabe, Bilboko Kafe Antzokian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu