Moving Artists erakundearen I. Egoitza Artistikoa Bilbon
2018-03-12 11:33 KultureaNiga Latif eta Azar Othman artisten lanagaz emongo deutsie hasierea programeari.
Moving Artists (MA) erakundeak bere proiektu handia artista kurdu biren trukeagaz hasiko dau; Ixone Sádaba artista bilbotarrak sortutako erakunde honen lehenengo egoitza artistikoa egingo dabe. Erakundearen helburua da hainbat herrialdegaz truke artistikoa sustatzea, herrialde horreen testuinguru politikoak, ekonomikoak eta sozialak nahasiak dirala kontuan hartuta. Bertako artisten mobikortasuna erraztuko dau proiektuak eta, ondorioz, praktika artistikoa ziurtatu.
Niga Latif (argazkilaria, 21 urte) eta Azar Othman (eskulturea eta instalazinoa, 31 urte)
Suleimaniyakoak dira, Kurdistaneko eskualde autonomoko uriburu kulturalekoak, eta igazko maiatzean aukeratu zituan erakundeko epaimahaiak. Egoitza programa honek bidaia, ostatua, lanerako gune bat eta dietetarako laguntzino ekonomikoa emoten deutse artistei sei astez.
Artistek BilbaoArten egingo ditue praktikak eta Rekalde Aretoagaz lankidetzan jardueretan hartuko dabe parte.
Bestalde, proiektu honek Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren (Bilbao Ekintza) eta Eusko Jaurlaritzearen (Eremuak) babesa dau eta bigarren edizinoa lantzen hasiko da orain, datorren urtean beste artista bi Bilbon sei astez lanean egon ahal izan daitezan. Afganistangoak izango dira artista honeek eta gitxienez horreetako bat emakumea izango da.
Amaitzeko, 2020an Rekalde Aretoak erakusketa bat egingo dau programatik igarotako herrialde desbardinetako artistakaz, baita arriskuan dagozan arteagaz zerikusia daben artista gonbidatuakaz be. Holan, proiektu honen babesagaz egindako obrak egongo dira ikusgai.
Egitasmoaren antolatzaileek dinoenez, Moving Artists irabazi asmorik bako erakunde independentea da eta gatazka, krisi, ezegonkortasun edo zentsura egoeren ondorioz mehatxatuta dagozan arte-profesionalen nazinoz gaindiko mobimentuaren eta trukearen alde ibilten dira.
Egungo egoitza programez gan, MA arte-profesionalaren mobimendua sustatzeko modu barrien bila dabil eten barik muga politiko eta ideologikoen ganetik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!