Manu Blazquez artisteak zuriz bete dau BilbaoArte

Bizkaie! 2018-03-12 11:14   Kulturea

Soiltasuna eta isolamenduan dagozan elementu piktorikoak ikusgai dagoz erakusketan.

Manu Blazquez bere artelan bategaz | Ikusi handiago | Argazki originala

BilbaoArtek Abundante Amigable Compuesto izeneko erakusketea edegi dau. Manu Blazquezen eskutik datorren bilduma hau galeriak edegi dauen bigarrena da aurten. Valentziako artisteak egonaldia egin eban igaz BilbaoArten.  

Blazquezen lana soiltasunean eta isolamenduan dagozan elementu piktoriko desbardinetan oinarritzen da. Lerroa erdigune kontzeptual moduan hartuta, papelaren ganean egiten dau lan. Erakusketan era milimetrikoan antolatuta, lerro doiak eta grafitoa dira nagusi, fondo zuri baten ganean.

Bestalde, lerroak kontakizunean dauen presentzia nabarmendu nahi izan dau Blazquezek bai fondoari eta bai formeari jagokenean. Modu paraleloan kokatzerakoan, lerroak berbarik bako kontakizun grafiko bihurtzen dira, papela alde batetik bestera zeharkatuz. Holan, matematikari baten zehaztasunagaz eta artisau baten pazientziagaz, itxuraz apalak diran irudi serieak sortzen ditu, marraztutako lerro paraleloen bitartez.

Abundante Amigable Compuesto izenburuak bere aldetik, artisteak erakustaldi honetarako atondu dituan marrazki serieei egiten deutse erreferentzia. Abundante bere lanen diseinuan sistema matematiko bat apliketako dituan aukera kopurua ugaria dalako. Amigable, l antzen dauen formatuaren neurriek zatitzaile kopuru bardina eskaintzen deutsienez, hamalau marrazki serie bereizgarri sortu ditu. Azkenik, Compuesto lerroak konbinauta agertzen diralako, baten goitik beher, bestean zeharretara.

Blazquezen diseinuaren ikuspegia publizidadean eta diseinu grafikoan dau jatorria. Serie programaduetan lan egiteko interesa grabaduan espezializazinoa egin ebalako da, Italian ikasle egon zanean.

Valentziako artistearen artelanak apirilaren 6ra arte egongo dira ikusgai BilbaoArten, astelehenetik barikura, 17:30etik 20:30era eta sarrerea doban izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu