'Hiru emakume' antzezlana dakar Arriagak, Loraldiaren barruan

Bizkaie! 2018-03-09 12:40   Kulturea

Sylvia Plath-en testuetan oinarritutako obrea hilaren 15ean aurkeztuko dabe.

Maria Berasarte, Ylenia Baglietto, Mireia Gabilondo, Ane Lopez, Ainhoa Etxebarria eta Ane Pikaza (argazkia: Arriaga) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mireia Gabilondok zuzentzen dau Hiru emakume antzezlana, Bilboko Arriaga Antzokiak produzidutakoa eta Loraldiaren egitarauaren barruan estreinauko dabena, hilaren 15ean. Lehenengo egun horretan euskerazko bersinoa eskainiko dabe eta astegoienean, barriz, gaztelaniazkoa emongo dab: Tres mujeres, eta martiaren 16tik 18ra oholtzaratuko dabe. Sylvia Plath idazle eta poeta estadubatuarrak 1962an BBC katean irakurria izateko egindako poema feministea askatasunez berreskuratzen dau antzezlanak. Gaztelaniaz oso gitxitan antzeztu da, eta euskeraz lehenengo aldia izango da datorren eguenekoa. Harkaitz Canok itzuli dau testua euskerara.

Hiru protagonista nagusi, hiru emakume, ditu antzezlanak, izenburuak dinoan legez. Ylenia Baglietto, Ane Pikaza eta Ainhoa Etxebarria izango dira hiru aktoreak. Gai nagusia amatasuna da, eta antzezle bakotxaren ahotsak amatasun hori bizi izateko modu bat adierazoten dau: Emakume batek ama izatean oinarritzen dau bere egitekoa, besteak sufridu egiten dau ama ezin izateagaitik, eta hirugarrena, nahi ez dauen arren, ama da.

Dana dala, aktoreak ez dira oholtzan bakarrik egongo, bersino honek alderdi musikala be badau eta. Maria Berasartek abesti batzuk interpretauko ditu, Ane Lopezen kontrabaxuaren laguntzinoagaz. Oholtzatik kanpoko lantaldea be goi mailakoa da: Fernando Bernues eszenografian, Iñaki Salvador musika-aholkulari eta Mireia Gabilondo zuzendari.

Arriaga Antzokiko euskerazko emonaldietan ohikoa bihurtu danez, Xabier Monasteriok berbaldia eskainiko dau saioa hasi aurretik, eguenean, 19:30ean (antzezlana 20:00etan da). Foyerrean antolatutako azalpentxu horretan, Monasteriok Hiru emakume lanaren inguruko kontu jakingarriak eta kontestua jorratuko ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu