Argazki, bideo eta behaketa jardunaldiak asteburuan Urdaibain

Bizkaie! 2018-03-09 13:00   Kulturea

Berbaldiak, erakusketak eta ibilaldiak egongo dira zapatuan eta domekan.

Buztangorri iluna, Urdaibai Bird Center-ekoek ateratako argazki baten | Ikusi handiago | Argazki originala

Urdaibaiko Biosferearen Erreserbearen eremua inguru parebakoa da hainbat espezietako txoriak ikusteko. Aberastasun hori herritarrei hurreratzeko, Urdaibai Bird Center-ek lehenengo aldiz antolatu ditu argazki, bideo eta behaketa jardunaldiak, hilaren 10ean eta 11n. Funtsean, naturea eta argazkigintzea buztartzea da asmoa.

Gautegiz Arteagako Udalak be parte hartu dau jardunaldiok antolatzen, hegaztien behatokia udalerri horretan dago eta. Bertako alkate Juan Felix Naberanek ondokoa adierazo dau: Profesionalek eta adituek euren jakintzak bertara joaten diranakaz alkarbanatuko ditue. Ganera, hau guztia inguru pribilegiaduan izango da, Gautegiz Arteagako paduretan.

Zapatuan, martiaren 10ean, ordutegia honakoa izango da: 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik aurrera. Eta domekan, martiaren 11n, goizeko 08:30etatik aurrera. Natura-argazkigintzako profesional ospetsuek, adituek, nazinoartean ezagunek, emongo ditue berbaldiak, antolatzaileek azaldu dabenez.


Honeek berbaliak egongo dira:

- Hegaztien argazkiak euren ingurunean: Kiko Arcas, natura-argazkilari ibili da 25 urte baino gehiagoan, batez be, hegaztien inguruan. Vigoko Unibersidadeko kolaboratzailea da eta bere argazkiak aldizkari ospetsu askotan agertu dira. Jesus de Pedrok lagunduko deutso berbaldian, hau be ibilbide luzeko argazkilaria.

- Irudi bat optimizatzeko jarraitu beharreko eredua: Angel Herraiz, argazkilaria, hizlaria eta dibulgatzailea da, Burgoseko Argazkilarien Alkarteko presidentea eta Argazki Irakasle eta Argazkilari Profesionalen Federazinoko irakaslea; argazkigintzako lehiaketa ospetsuak irabazi ditu.

- Natura erreportajeak egiteko oinarrizko teknikak eta gaur egungo materialak: Alberto Saiz, mundu guztian ibili da dokumentalak egiten, oraintsu Antartidan izan da. Formatu digitaletan eta teknika berezietan aditua da.

Parte hartzeko, aurretik izena emoteko eskatu dabe antolatzaileek, 699 839 202 edo 94 625 11 57 telefono zenbakietan. Prezioaren barruan sartzen dira, berbaldiak ez eze, Urdaibai Bird Centre-n sartzea, ibilaldiak eta hamaiketakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu